Aparkaleku irisgarrien erabilera egokiari buruzko kanpaina abiarazi du Ondarroako Udalak, udaltzaingoarekin eta Karenka elkartearen elkarlean. Ondarroa
herri inklusiboa izateko nahiagaz ipini dute martxan kanpaina, eta bide horretan, aparkaleku irisgarrietarako baimendutako txartela duten etxe guztietara kanpainaren xehetasunak gogorarazten dituen gutuna bidali dute.
Udalak nabarmendu duenez, esfortzu berezia egin nahi du “udalerrian denontzako irisgarritasuna hobetzeko”. Eta, horretarako,
hainbat ekintza jarri ditu martxan: kaleetako behengainea egokitu eta babestu dute, aparkaleku irisgarriak sortu eta egokitu dituzte eta hezkuntza kanpainak ere abiarazi dituzte. “Herritar guztiak kontzientziatu nahi ditu udalak, denok gure kaleetan erosoago ibiltzeko, eta arreta berezia jarriz dibertsitate funtzional fisiko, psikiko edo sentsorialen bat duten pertsonen egunerokotasuna hobetzeko”.
Udaltzain bat, Karenka elkarteko bi kide eta Eneritz Basurko hirigintza zinegotzia kanpaina aurkezten, aparkaleku irisgarri baten aurrean
Kanpainaren bultzatzaileek adierazi dutenez,
oztopo asko izaten dituzte aparleku irisgarrien erabiltzaileak. “Txartelik gabekoak, erdizka aparlekua okupatzen… Ibilgailua hor uzten dutenak ez dira konturatzen, baina ibilgailuetatik irteteko nahikoa toki behar izaten dugu. Gurpildun aulkia atera eta aulkian dagoenari laguntzeko, egia esan, toki asko behar da. Atetik irteteko toki gutxi lagatzeaz gain, maletategitik oso hurre aparkaketzen dute batzuek, eta ez dira konturatzen handik ere aulkiak edo beharrezko materiala atera behar izaten duguna”.
Espaloi gainean uzten diren ibilgailuak ere oztopo direla gogorarazi dute kanpainaren arduradunek
Nabarmendu dutenez, txartelei askotan
erabilera txarra ematen zaie. “Batzuek ez dute txartel horren titulartasuna, hurreko batena izaten da kasu askotan, baina dibertsitate funtzionala duena ez dabil txartel horregaz. Batzuetan, titularra hilda ere badago, eta erabiltzen ari dira”.
256/2000 dekretuak, esaterako, honakoa gogorarazten du: “ibilgailua aparkalekuan uzteko txartela titularrak ibilgailua gidatzen duenean edo bertan berori garraiatzen denean bakarrik erabili ahal izango da”. Horren aurrean txartela egoera onean eta egoki erabiltzea eskatu du udalak. “Ezinbestekoa da udalak herritarrekin batera jarri dituen helburuak lortzeko”.
Aparleku irisgarrien kanpainarekin batera, gainera, espaloi gainetan uzten diren ibilgailuak ere oztopo direla kontzientziatu nahi dituzte herritarrak. “Aulkietan doazenak ezin pasatuta ibiltzen dira, eta zer esanik ez ikusmen arazoak dituztenak”.