Pentsiodunen eskaerak babestu ditu osoko bilkurak
Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari 1.080 euroko gutxiengo pentsioa ezartzeko eskaera egitea eskatu diote udalari. Aho batez onartu dute pentsiodunen mozioaPentsionistak Martxan taldekoek beraien eskubideen aldeko mozioa aurkeztu zuten Gernika-Lumo...
Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari 1.080 euroko gutxiengo pentsioa ezartzeko eskaera egitea eskatu diote udalari. Aho batez onartu dute pentsiodunen mozioa
Pentsionistak Martxan taldekoek beraien eskubideen aldeko mozioa aurkeztu zuten Gernika-Lumoko maiatzeko udal osoko bilkuran, eta bertako alderdi politikoek aho batez onartu zuten eskaera. «Biztanleriaren %25a aintzat hartzeko» esan zioten udalari, eta onartutako eskaerak Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari bidaltzeko eskatu zioten.«Borondate politiko» batez ari diren ustean eta egoera «hobetu» nahian, bost eskaera aurkeztu zituzten Pentsionistak Martxan taldekoek. Gernika-Lumoko Udalari pentsioen %0,25eko igoera «ziztrina» arbuiatzeko eta pentsiodunen eros ahalmenari eusteko erreklamatzea eskatu zioten. Baita 1.080 euroko gutxiengo pentsioa ezartzea eska diezaiola Jaurlaritzari.
Gainera, Euskal Herriko Babes eta Gizarte Segurantza Sistema ezartzeko nahia eta premia plazaratu zuten pentsiodunek, beraien «zaintzak bermatzeko» helburuagaz.
Horrez gain, 2019. urtean ezarri beharko litzatekeen jasangarritasun faktorearen ezarpena «arbuiatzeko» eskatu zioten udal gobernuari, horrek pentsioen murrizketa «berria eta handia» ekarriko lukeela arrazoituz. Eta amaitzeko, onartutako eskaera horiek Espainiako zein Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gobernuei bidaltzeko eta babesa emateko eskatu zioten Gernika-Lumoko Udalari.
Hautetsien erantzuna
Pentsiodunek beraien eros ahalmena murrizten joan dela salatu zuten, eta «Espainiako gobernuek, PPk eta PSOEk egin dituzten ondoz ondoko pentsioen erreformek kalte handia» egin dietela esan zuten: «Gu gara murrizketak jasaten ari garenak, hilabete bukaerara iristea kostatzen zaigu eta».
Pentsionistak Martxan taldeak egindako mozioa aho batez onartu zuten osoko bilkuran, eta pentsiodunek «arrazoi osoa» daukatela defendatu zuen EH Bilduk. Gainera, pentsio txarrenak dituzten «gehienak» emakumeak direla aitortu zuten pentsiodunek. Jose Maria Gorroño alkateak ere, mozioa onartuko zuela jakinarazi zuen, eta hala egin zuten osoko bilkurako hautetsi guztiek.