Eskualdeko produktuen ekoizpena handitu gura du Jangurie ekimenak
Umeek osasuntsu jatea, eskualdeko jasangarritasuna bermatzea eta Busturialdeko ekonomia bultzatzea bilatzen du ekimenak. Hil honetan egingo dute jarraipen batzordearen hurrengo bileraUrdaibaiko eskolek jantoki eredua aldatzea helburu sortutako Jangurie...
Umeek osasuntsu jatea, eskualdeko jasangarritasuna bermatzea eta Busturialdeko ekonomia bultzatzea bilatzen du ekimenak. Hil honetan egingo dute jarraipen batzordearen hurrengo bilera
Urdaibaiko eskolek jantoki eredua aldatzea helburu sortutako Jangurie ekimenak jarraipen batzordea burutu zuen joan den astean eskualdeko erakunde eta instituzioekin. Ekimeneko ordezkaritzaz gain, EH Bildu, EAJ, EA, Podemos, Guzan eta Izartu alderdi politikoetako ordezkariak egon ziren; baita Bizisare, Urremendi eta Urdaibaiko Patronatua erakundeetakoak ere.Umeek osasuntsu jatea, Urdaibairen jasangarritasuna bermatzea eta ekonomia bultzatzea helburu, etorkizunerako lau ekintza plan zehaztu zituzten; horien artean, eskualdeko produktuen ekoizpena handitzeko estrategia garatzea.
Egitasmoak dituen erronka guztiak zerrendatu zituzten bileran, eta elkarlanagaz, lau ekintza nagusi zehaztu zituzten.
Lehenengo ekintza planak eskualdeko produktuen ekoizpena handitzea du helburu, eta horretarako, estrategiak garatu nahi dituzte. Ekoizle berriak lortu nahi dituzte gazte zein langabetuetan; laguntza tekniko, teoriko eta materiala emanez.
Komunikazio kanpaina bat egitea ere aztertu zuten, baita eskualdean ez dauden elikagaien ustiapenak lortzen saiatzea ere.
Egitasmoak, gainera, lurra lantzeko beste ekintza plan bat egin gura du; hau da, administrazioaren bitartekaritzagaz, «erabiltzen ez diren lurrak aprobetxatzea». Ekoizle berriei tokia egin nahi diete. «Eskualdeko lehen sektorean pertsona heldu asko daude, eta belaunaldi aldaketarako aukera ikusten dugu orain».
Hirugarren planak sare laburreko komertzializazioan sartzeko azpiegiturak sortzeari egiten dio erreferentzia. Produktuak eduki arren, horiek saltzeko tokia «beharrezkoa» dela adierazi dute Jangurie ekimenekoek: «Biltegi baten beharra ikusten dugu, eskoletako jantokietara bideratuko diren produktuak gordetzeko tokia izatea beharrezkoa baita».
Batzordean erabakitako laugarren ekintza planak, beste alde batetik, administrazioekin elkarlana bultzatu nahi du. «Eskola publikoek sukalderik ez daukatenez, proiektua garatzeko araudia aldatzeko eskaera egiten dugu Jangurietik eta beste eragileetatik». Hala eta guztiz ere, Hezkuntza Sailagaz bildu nahi dutela jakitera eman dute, zuzenean proiektuaren nondik norakoak azaltzeko.
Hurrengo batzarra hilabete honetan egingo dute.