Horiz eta beltzez jantzita ospatzeko egunak
Kamiñazpiko jaietara doanak beti-betiko jaiez gozatzeko aukera izango du datozen egunotan. Musika, kirola, bazkari herrikoia eta umeentzako hainbat ekintza egongo dira aukeran.Kamiñazpiko jaiak, ohi legez, horiz eta beltzez jantzita ospatuko dituzte ...
Kamiñazpiko jaietara doanak beti-betiko jaiez gozatzeko aukera izango du datozen egunotan. Musika, kirola, bazkari herrikoia eta umeentzako hainbat ekintza egongo dira aukeran.
Kamiñazpiko jaiak, ohi legez, horiz eta beltzez jantzita ospatuko dituzte gaur hasi eta domeka goizaldera arte.Kamiñazpiko Jai Batzordeak eta Ondarroako Udalak beti-betiko ekimenez betetako egitarau oparoa antolatu dute, eta bertara doanak mota guztietako ekintzaz gozatzeko aukera izango du. Auzotarrak direnak eta ez direnak jai giroan murgitzera gonbidatu dituzte antolatzaileek.
Ospakizunak jai batzordeko kideek Kamiñazpiko parketik botako duten bolanderagaz hasiko dira, eta hurrengo orduak musikaz beteta etorriko dira. Besteak beste, klasiko bihurtu den Playback lehiaketa egingo da, eta beste behin ere, parkea jendez betetzea espero da. Zortzi bat taldek euren koreografia landuak erakusteko aukera izango dute.
Parkean geratzen direnek, bestalde, Azalera taldearen disko berriko kantuak entzun eta DJ Jotatxoren kantu dantzagarriekin gerriak astintzeko aukera izango dute.
Jaien azken txanpa, berriz, pala txapelketagaz eta bizikleta ginkanaz hasiko dute. Txistulariek,bestalde, auzoa osoa goitik behera girotuko dute Aurrera beti, Ikusi mendizaleak, Agur Zuberoa, Elizondo… eta antzerako kantuekin.
Eguerdian kuadrillek paellak nahi moduan prestatzen arituko dira bertsolariak adar joka dituzten bitartean. Eta arroz goxoak prestatu ostean, karpa azpian egingo duten bazkari herrikoian batuko dira. 300 lagunetik gora batuko dira Oihana Iguaran eta Aitor Mendiluze bertsolariek girotutako bazkarian. Bazkalondoa ere eurek girotuko dute.
Jai batzordeko kideek aurreratu dutenez, aurten ez da mus txapelketarik egingo.
Jaiak, ohi bezala, musikagaz girotuta agurtuko dituzte. Urtero-urtero talde ezagunen batek jotzen du, eta aurten, Ze esatek taldearen txanda izango da. Hara talde ondarrutarragaz igoko dira parkeko oholtzara bertan daudenak girotzera.