Zapran jendetsua Lekeition
35.000 lagun baino gehiagok ospatu dute 'Zapran Gagoz' lelopean ospatu den Euskal Eskola Publikoaren 27. Jaia. Eguraldia lagun, jarduera guztiak giro ederrean egin dituzteZapran egon zen Lekeitio domeka osoan. Goizean goizetik hasi zen mugimendua, eta ...
35.000 lagun baino gehiagok ospatu dute ‘Zapran Gagoz’ lelopean ospatu den Euskal Eskola Publikoaren 27. Jaia. Eguraldia lagun, jarduera guztiak giro ederrean egin dituzte
Zapran egon zen Lekeitio domeka osoan. Goizean goizetik hasi zen mugimendua, eta asko izan ziren Euskal Eskola Publikoaren aldeko keinua eginez aurten Lekeition ospatu den jaiagaz gozatu eta parte hartzera animatu zirenak. EHIGEren balorazioaren arabera, 35.000 lagunetik gora egon ziren Lekeition Zapran Gagoz lelopean Euskal Eskola Publikoaren jaia ospatzen.Eskolan egin zen ekitaldi ofizial jendetsuak eman zion hasiera jai egunari. Ana Puente EHIGEko presidenteak hartu zuen hitza lehendabizi, eta eskerrak eman zizkien hasteko, eskola publikoaren jaia posible egiten duten guztiei eta bereziki Lekeitioko Eskolako komunitatea osatzen dutenei. Lekeitioko Eskolak irakaskuntza publikoak dituen balioak primeran adierazten dituela azpimarratu zuen Puentek. «Eskola euskalduna, parte hartzailea, denona eta denontzako, eta, ondorioz, gizarte osoari irekia».
EHIGEko presidenteak gogora ekarri zuenez, Euskal Eskola Publikoa hezkuntza sistemaren ardatza izan behar dela aldarrikatzea da guraso elkarteak 1994tik antolatzen duten Euskal Eskola Publikoaren jaiaren helburua. «Eskola publikoak hazi egin nahi du, eta horretarako erakunde publikoen babesa behar dugu. Hezkuntza eskubide bat da, eta soilik botere publikoek dute berau bermatzeko ahalmena, beraz, Euskal Eskola Publikoaren zeregin egituratzailea eta funtsezkoa aitortu behar dute». Euskal Eskola Publikoaz harro dagoela adierazi ondoren, hiru eskari egin zizkien agintariei. Alde batetik, Eskola Publikoaren alde egitea eskatu zuen, bestalde, kemena eskatu zien euskal hezkuntza sisteman kohesioa eta berdintasuna hobetzeko, eta azkenik, eztabaida zabala irekitzea, eragileek eskatzen dituzten gaiak kontuan izan eta euskal gizarteari entzun, euskal hezkuntza sistema duina eta adostua lortzeko.
Koldo Goitia Lekeitioko alkateak ere hartu zuen hitza, eta eskaera bat zuzendu zion bertan zegoen Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuari: egun Kolorinetako eraikina dena, bera ikasle zen garaian inauguratutakoa, urtero konpontzen ibili beharrean egunen batean bota eta berria altxatzea. Eskola Publikoaren aniztasuna azpimarratu zuen Goitiak, eta 2025ean Lekeitiok 700 urte beteko dituela eta, Zapran Gagoz berriro Lekeitiora ekartzeko gonbidapena ere luzatu zuen.
Oztopoak gaindituz
Cristina Uriarte Hezkuntza Sailburuak, berriz, 40 urteetan hezkuntzan egin den ibilbidea nabarmendu zuen, «guztien ahaleginari esker» oztopo asko gainditu direla adieraziz. «Banatzen gintuzten gaiak alde batera utzi dira, eta ibilbide horretan eskola publikoa funtsezkoa izan da eta da. Eskola Publikoak gure herrietako bazter guztietan behar genuen hezkuntza sistema hedatzea ahalbidetu du, milaka ikaslek sortu dute gaur egun duguna, gaur egun garena». Kanpotik inposatutako mugak eta oztopoak ere saihestu direla azpimarratu zuen sailburuak. «Hori da aurrerantzean ere egin beharreko ibilbidea. Hitza, adosteko borondatea eta elkarrizketa dira gure tresnarik baliotsuenak mugak gainditzeko».
Ekitaldiagaz amaitzeko, Errenteriako eskolari pasatu zion testigua Lekeitiokoak. 2019ko jaiak izango duen Makina bat taupada leloa aurkeztu zuten Koldo Mitxelena eskolako guraso eta ikasleek Julen Mendoza alkateagaz batera, txanda hartzeagaz pozik.
Ekitaldian hitz egin zutenaz gain, hainbat izan ziren Lekeitioko Eskola Publikoaren jaian parte hartu duten ordezkari politiko eta erakundeetako arduradunak; besteak beste, Miren Dobaran sailburuordea, Lorea Bilbao Kultura eta Euskara dipu- tatua, Neli Zaitegi Euskadiko Eskola Kontseiluaren presidentea, Andoni Ortuzar EAJren lehendakaria, bai eta ere Lea-Artibai eskualdeko alkate eta zinegotziak.
Emakumeen Eguzki dantza Kaxarranka eta funkya ere dantzatu zituzten, eta ondoren, kalejira erraldoian abiatu zen jendetza plazarantz, egitarau oparoagaz gozatzeko prest. Musika, dantzak, ikuskizunak, jolasak, kirolak eta era guztietako animazioa eduki zuten Zapran jarduteko. Eguraldi ona izan zuten gainera lagun arratsaldera arte, eta Lekeitioko Eskola komunitateak prestatutako sei guneak jendez eta giroz gainezka egon ziren.
Albaolari babesa
Albaola Itsas Kultur Faktoriak ere parte hartu zuen jaian. Portuan aritu ziren egurra lantzen, itsasontziak zelan egiten dituzten erakusteko. Lekeitioko Eskolak San Juan baleontziaren eraikuntza babestu du, eta laguntza horren adierazgarri diren oroigarriak eman zizkieten Albaolakoek. Eskolako gurasoek azaldu zutenez, ikasleak dirua biltzen ibili dira, eta San Juan-en eraikuntza sostengatzeko ontziaren piezak diruz lagundu dituzte.