Bermeoko jaietako kartel lehiaketari hasiera eman diote
Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako kartel lehiaketara aurkezteko epea irekita dago, eta ekainaren 21era arte aurkeztu ahalko dira lanak.Kartela Bermeoko jaietako adierazlea izan beharko da. Beraz, ezaugarri batzuk hartuko dituzte kontuan irabazlea a...
Kartela Bermeoko jaietako adierazlea izan beharko da. Beraz, ezaugarri batzuk hartuko dituzte kontuan irabazlea aukeratzerakoan: «Jaiak herrikoiak eta herritarrentzat izatea, parte hartzaile eta sortzaileak, euskaldunak, feministak, solidarioak eta ekologistak». Aurkeztutako kartelek honako testu hau izan beharko dute: ‘BERMEOKO JAIAK 2018 Irailaren 7tik 16ra’.
Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean aurkeztu behar izango dituzte egileek lanak, izenburuagaz eta egilearen sinadura barik. Izenburu bera daraman gutunazal itxi baten barruan jarri beharko ditu egileak bere datuak.
Lehiaketako oinarriei dagokienez, lanek 52×70 zm-ko neurria izan beharko dute, eta edozein kolore eta teknika erabili ahalko dira.
Lana euskarri gogor bati lotuta edo euskarri informatikoan (CD batean) aurkeztu ahal izango da, hiru digitalizazioekin: lehenengoa 200 kb-ko JPGa, bigarrena Mb1-eko JPGa eta azkena 52×70 zm-ko erresoluzio altuko PDFa; gutxienez 300 pp-ko bereizmenagaz eta CMYK kolore ereduagaz.
Irabazlea nor den jakin arte ezin izango da kartelen egileen nortasuna publikoki ez sare sozialetatik adierazi, eta hori eginez gero, parte hartzaileak kanporatu egingo lituzkete, bai eta ere arrazakeria, sexismoa eta homofobia adierazten duten kartelak. Bestalde, Bermeoko Udalak kartelean aldaketak egitea eska dezake.
Epaimahaia jai batzordeko eta artearen munduko herriko kideez osatuta egongo da. Kartel finalistak ekainaren 26tik uztailaren 5era ikusgai egongo dira, bai sarean (Interneten) bai eta ere Gizarte eta Kultura Etxean.
Herritarren esku
Horren ostean, irabazlea aukeratzeko prozesua bermeotarren eskuetan jarriko dute; pertsona bakoitzak boto bakarra eman ahal izango du, bi modutara: Gizarte eta Kultura Etxean egongo den kutxan botoa emanez edo Internet bidez. Kutxan jasotako botoek %70eko balioa edukiko dute, eta Internet bidez jasotakoek %30ekoa.
Uztailaren 6an iragarriko dute kartel irabazlearen izena, eta egileak 600 euroko saria eskuratuko du.