Xixili Gimnastika Taldearen 25. urteurrena ospatuko dute
Ikuskizun berezia, erakusketa eta omenaldia egingo dituzte, besteak beste. Taldeak eta kirolariek egiten duten lana erakutsi nahi diete herritarrei ekimen horien bitartezXixili Gimnastika Taldeak 25 urte betetzen ditu aurten, eta egindako lan garrantzi...
Ikuskizun berezia, erakusketa eta omenaldia egingo dituzte, besteak beste. Taldeak eta kirolariek egiten duten lana erakutsi nahi diete herritarrei ekimen horien bitartez
Xixili Gimnastika Taldeak 25 urte betetzen ditu aurten, eta egindako lan garrantzitsuaren berri eman eta hori omentzeko hainbat ekimen antolatu dituzte ekainerako. Irune Ormaetxea Bermeoko kirol zinegotziak eman du prestatutako ekitaldien berri, Xixili Gimnasia Taldeko Bego Usandizaga lehendakariagaz eta Gotzone Goienetxea ordezkariagaz batera.Azaldu dutenez, ekainaren 8tik 17ra bitartean, taldearen erakusketa eskainiko dute Nestor Basterretxea Aretoan. Taldeak 25 urteetan erabilitako mailotak ikusi ahal izango dira, denbora pasa ahala modak eta mate- rialak nola aldatu diren agerian utziz.
Horrez gain, erakusketan taldetik pasa diren kirolari eta entrenatzaileen argazkiak ere ikusgai egongo dira, irabazitako kopekin eta dominekin batera Xixiliren historia gogoratzeko asmoz. Ildo beretik, bideo eta argazki proiekzioak eskainiko dituzte aretoan.
Erakusketaren ordutegia hurrengoa izango da: astegunetan 19:00etatik 20:30era, eta asteburuetan 12:30etik 14:00etara eta 19:00etik 20:30era. Ekainaren 16an itxita egongo dela azaldu dute. Egun horretan, taldeko 200 gimnastikalarik ikuskizun berezia eskainiko dute Araneko kiroldegian, 10:00etatik 13:00ak bitartean. Horrela, Gernika-Lumon zein Bermeon entrenatzen duten eskualdeko kirolariak batuko dira urtean egindako lana erakusteko asmoz.
«Gimnastika erritmikoaren jaia» izango dela adierazi dute Xixilikoek, «adin eta maila guztietako gimnastikalariekin». 3 urtekoekin hasi eta 22 urtera arteko kideak daude taldean. Ekimena «benetan ikusgarria» izatea espero dute, eta herritar guztiak gonbidatu dituzte «ikuskizunagaz gozatzera».
Ekitaldi berezi horretan Xixili taldea existitzea posible egin dutenei omenaldia egingo diete, bereziki Andres Uriondori, taldearen 25 urteetan «ardatza» izan denari: «Andres Uriondok lan handia egin du Bermeon gimnastika erritmikoa presente egoteko eta hori bultzatzeko», adierazi dute taldekoek. Bera izan da, bere emazte Bego Usandizagagaz eta Macarena Millanegaz batera taldearen sortzailea, eta eskualde guztian gimnastika erritmikoaren zaletasu- na bultzatzeko «gogor lan» egin duela azpimarratu dute. Hori dela eta, urteurrena ospatzeko erakustaldi horretan «merezitako omenaldia» egingo diote.
Ikuskizuna bukatu ondoren, ohitura denez, Xixili eskulturari lore eskaintza egingo diote, eta ostean, bazkaria egingo dute Kamiñokon. Bazkarira Xixili taldean urte guzti hauetan hala edo nola parte hartu duten guztiak gonbidatuta daudela adierazi dute antolatzaileek.
Taldeak eta kirolariek egiten duten lana eta emakumeek kirolean daukaten presentzia emango dituzte ezagutzera.