Ondarroako Aurrera Kirol Elkarteak antolatuta, kadete mailako I. Neskatila Txapelketa jokatu da Zaldupe futbol zelaian. Bertan parte hartu duten futbol 7ko sei taldetatik onena Eibarko nesken kadete mailako taldea izan da. Eibartarrek
ondo merezita lortu dute Ondarroako garaikurra. Izan ere, txapelketako partidu guztiak irabazi dituzte.
Finalean
2-1 irabazi zieten Zarauzko taldeari. Eibartarrek partida oso estua jokatu zuten zarauztarren aurka, eta azken jokaldian berdintzeko aukera ere izan zuten zarauztarrek, baina Eibarko atezainak gola gelditu, eta emaitzari eustea lortu zuten.
Aurrera eta Eibarren arteko norgehiagoka. Argazkia: Nagore Lersundi / Aurrera K.E.
Etxeko taldeak, berriz, sailkatze fasean lortutako puntuei esker, finalerdirako sailkatzea lortu zuen. Eibarren aurka jokatu zuten finalaurrekoa, baina 1-5 galdu zuten. Aurrerakoak galtzen hasi ziren partidu hasieratik, eta gol bat sartzea lortu bazuten ere, ezin izan zuten Eibarren jokoa apurtu. 3. eta 4. postuen partida Zumaiakoren aurka 0-1 galdu ostean,
laugarren sailkatuta amaitu dute txapelketa.
Igone Ibarloza Aurrera kadete mailako nesken entrenatzailea eta Apo Agirre entrenatzaile laguntzailea pozik agertu dira txapelketa amaitzean. Denboraldia herrian bertan egin den txapelketa jokatzen amaitzea
oso polita dela nabarmendu dute.
Antolatzaileek agertu dutenez, parte hartzaileak gustura geratu dira txapelketa jokatu ostean. Azpimarratu dutenez, taldeek
kiroltasun handiagaz jokatu zuten. “Hori da txapelketa guztia hobekien laburbiltzen duen hitza. Eskerrak jokalari, entrenatzaile eta ikusleei txapelketa ondo igaro izan errazteagatik”.
Eibarko taldeko jokalariak, garaikurragaz. Argazkia: Nagore Lersundi / Aurrera K.E.
Txapelketak harrera ona izan du, eta Aurrerak, bere aldetik, txapelketa
berriro antolatzeko asmoa agertu du, Ondarroan nesken talderen dagoen bitartean. Txapelketa, hain zuzen ere, nesken futbola sustatzeko asmoagaz antolatu da, eta bide horretan jarraituko dutela jakitera eman du klub ondarrutarrak.
Aurrerako ordezkariek gaineratu dutenez,
nesken futbolari bultzada emateko ahaleginetan jarraitzeko asmoa dute. Aurrerak, esaterako, ez du sekula futbol 11ko nesken talderik eduki, eta txapelketa eskualdeko nesken futbola sustatzeko ere izan dela aipatu dute. “Lea-Artibain ez dago nesken futbol 11ko talderik, eta Aurrerak eskualdeko neskak batu nahi lituzke talde sendo bat osatzeko”.
SAILKAPENA
- Eibar
- Zarautz
- Zumaia
- Aurrera
- Leioako Emakumeak
- Amaikak Bat
EMAITZAK
- A multzoa
- Aurrera 0-2 Zarautz
- Leioako Emakumeak 0-0 Zarautz
- Aurrera 1-0 Leioako Emakumeak
- B multzoa
- Zumaiako 0-0 Amaikak Bat
- Eibar 4-1 Zumaiako
- Amaikak Bat0-3 Eibar
- Finalerdiak
- Zarautz 1-0 Zumaiako
- Aurrera 1-5 Eibar
- 5. eta 6. postuak. Amaikak Bat 0-1 Leioako Emakumeak
- 3. eta 4. postuak. Aurrera 0-1 Zumaiako
- Finala. Eibar 2-1 Zarautz