Markinako Zesta Eskolak Bizkaiko Herriarteko txapela jantzi du
Gernika Jai Alairen kontra jokatu duten finaleko hiru partiduak irabazi dituzte kadete, gazte eta nagusien mailetako pilotariek. Tanto politak eskaini dituzteGernika Jai Alairi 3 eta 0 irabazita Bizkaiko Herriarteko txapelduna da Markina-Xemeingo Zesta...
Gernika Jai Alairen kontra jokatu duten finaleko hiru partiduak irabazi dituzte kadete, gazte eta nagusien mailetako pilotariek. Tanto politak eskaini dituzte
Gernika Jai Alairi 3 eta 0 irabazita Bizkaiko Herriarteko txapelduna da Markina-Xemeingo Zesta-punta Taldea. Kadete, gazte eta nagusien mailetan nagusitu ziren Markina-Xemeingo eskolako pilotariak joko ona erakutsita.30 eta 17 irabazi zuten kadete mailan Atainek eta Arakisek. Erraz ibili ziren markina-xemeindarrak, eta Gorka eta Oier Gernika Jai Alaiko pilotariei ez zieten aukera gehiegirik utzi.
Gazte mailan, 35 eta 24 nagusitu ziren Alex eta Danel. «Guk gure jokoa egin genuen, gernikarrek, ostera, ohi dutena baino gehiago huts egin zuten», azaldu du Santi Olabe Markina-Xemeingo Zesta-punta Eskolako entrenatzaileak. Pilotakada bat ere egon zela jakitera eman du Olabek, gainera. «Buruan, belarri inguruan pilotakada eman zioten Arratibeli, eta partidua amaituta ospitalera eraman behar izan zuten».
Nagusien azken partida ere emaitza beragaz amaitu zen; Markina-Xemeingo taldeko Gaizkak eta Ibarluzeak 35-24 irabazi zieten Leke eta Manziri. «Bikote biak polito aritu ziren, baina, oraingoan, Markina-Xemeingoak izan ziren gehiago».
Nahikoa jende batu zen Markina-Xemeingo Uni frontoian partiduak ikusteko, eta tanto politekin gozatzeko aukera eduki zuten zesta-punta zaleek.