Mutrikuko EH Bilduk agertu duenez, maiatzeko Ogasun Batzordean Mutrikuko Udalak eman zuen informazioaren arabera, 2016-2017 urteetan metaturiko gerakina 1.604.527 euro ingurukoa da. Eta gerakina zertan inbertitu behar den zehazteko, udal talde politikoek adostasuna lortu dute. “Lortutako adostasunaren inguruan
balorazio positiboa egiten dugu, eta iruditzen zaigu udalak, halako batez, herriari informazio hori eman egin beharko liokeela. Asko ez den arren, gerakin guztitik 204.605 euro herritarren parte hartzearen bidez erabakiko da, eta hori da bereziki aipatu nahi duguna oraingoan”.
Parte hartzearen bidea aurreko legealdian zabaldu bazen ere, herritarrei informazioa ematea eta
herritarrengandik kezkak jasotzeko bidea itxita egon dela gogorarazi du EH Bilduk. Hori bai, aurtengo Berdel Aipamenaren inguruan sortu den parte hartze prozesuak, behingoz, “udaletxeko leihoak ireki” dituela nabarmendu dute. “Ez da erraza parte hartzearen kultura hau sustraitzea, baina poliki-poliki bada ere, bagoaz aurrera eta gerakinaren gai hau, bigarrena izango litzateke. Ea ez den azkena!”.
Mutrikuko udalbatza
Bestalde, aurtengo aurrekontuaren (6.351.616 euro)
%15a baino gehiagoko gerakina izatea kritikatu nahi izan dute. “Horrenbesteko gerakina izatea ez dela normala iruditzen zaigu. Horrek zera erakusten digu; gestioaren ahulezia zein udaleko barne egitura kaxkarra dela”.
EH Bilduk azaldu duenez, gerakina bi bidetatik sortzen da. Alde batetik urteko aurrekokontutik gastatu gabe edo
exekutatu gabe geratu den dirutik, eta, bestetik, aurreikusitako diru sarrerak uste baino gehiago izatetik, “nahiz eta bigarren bide honen eragina ez den oso nabarmena”. Alderdi abertzaleran ustez, horrek zera esan nahi du, “azken hiru urteetan egin beharreko hainbat proiektu edo asmo ez direla egin edo bete”.