20 urteren ostean ere, harrera familien premia
Baldintzak desberdinak dira, motaren arabera. Adibidez, urgentziakoetan, 24 ordutan arreta eskaintzea eskatzen da, bai eta zaintzan edo hezkuntzan esperientzia edukitzea ere. Familiak poltsa edo zerrenda batean daude, eta edozein momentutan deitu diezaiekete esanez ume bat datorrela. «Ospitaletik zuzenean datorrelako edo etxean egoera larriren bat ikusi eta momentuan atera behar delako. Ez dago plangintza bat egiteko astirik; momentuko gauza da».
0-3 urte arteko haurrak daude mota horretan. Familia bakoitzak, gehienez, sei hilabete edukitzen du umea etxean. «Gehienetan, ospitaletik irteten diren ume jaioberriak dira». Epe hori pasatuta, aldundiak erabakitzen du zein den neurririk egokiena umearentzat: familia biologikoarengana bueltatzea edo harreran jarraitzea, baina aldi baterako edo iraunkorreko harrera familia bategaz.
3-11 urte artekoak aldibatekoak edo iraunkorrak diren harrera familietan daude. Iraunkorrean daudenen kasuan, adinez nagusi izan arte egon daitezke familia berean. «18 urtera arte aldundiak hartzen du erabakia; non bizi behar den eta zeinegaz egon behar den. 18 urtetik aurrera eurak dira euren buruen jabe. Gehienek dauden tokian jarraitzea aukeratzen dute, eta horrela ez bada ere, normalean, harremana edukitzen jarraitzen dute».
Harrera familia izatea erabakitzen duten familiek prozesu bat egin behar dute. Lehen pausoa telefonoz informatzea izaten da. Ondoren, hitzaldi batean parte hartzen dute azalpen zehatzagoak hartzeko.
«Familiei informazio asko ematen zaie, eta dena barneratzen joateko, hausnartzeko denbora behar dute; barrua asko mugitzen zaie»Formakuntza. Aurrera jarraitzea erabakiz gero, balorazio prozesua hasten dute. Horretan, gizarte langileekin pare bat elkarrizketa egin, eta beste bizpahiru saio egiten dituzte psikologoagaz. Ostean, lau bat saiotan formazioa eskaintzen diete; lau bat astez, astean arratsalde batez. Era berean, harrera familien etxeetara joaten dira teknikariak. Saio eta bisita horietan bildutakoagaz eta ikusitako guztiagaz osatzen dute balorazioa. «Harrera familia izateko egokiak diren edo ez aztertzen da, eta aldundiari balorazioa igorri eta aldundiak berronetsi behar du». Laupabost hilabeteko prozesua izaten da. Elkarrizketa batetik bestera hamar bat egun-edo pasatzen dira. «Familiei informazio asko ematen zaie, eta dena barneratzen joateko, hausnartzeko denbora behar dute; barrua asko mugitzen zaie».
Ondoren, egokitzapenerako unea ailegatzen da. Hau da, apurka-apurka harrera familiak eta umeak elkar ezagutzea, elkarbizitza hasi aurretik. Gizarte hezitzaile gehienak esku hartzeko taldean daude. Eta balorazio prozesua gaindituta, egokitzat jo dituzten familiak poltsa batean sartzen dira. Halaber, harrera familietan egoteko egokiak direnenen zerrenda ere badute.
Hiru parteekin lan egiten dute aldundiaren Harrera Familien Programako teknikariek: umeekin, familia biologikoekin eta harrera familiekin. Harreman estua dute. Profesional horiek orientazioa eskaintzen diete. Esate baterako, bikoteen kasuan, gutxienez urtebete elkarregaz bizitzen egon eta gero programagaz hastea gomendatzen diete. «Teknikoki ematen ditugun aholkuak dira, gero prozesua hobeto irteteko».
«Ume bat harreran hartzeak denean eragiten du, dena aldatzen du, egunerokotasuna nahasten da zelanbait. Beraz, arlo guztietan egonkortasun bat izatea ezinbestekoa da: ekonomikoa, etxebizitza… Funtsezkoena emozionalki ondo egotea da».
[ERREPORTAJE OSOA PAPEREKO ALEAN]
HONEKIN LOTUTA: Naiara Burgoa eta Eva Alkorta gizarte arloko langileen ELKARRIZKETA