Harrera Familien Programako teknikariak dira Eva Alkorta eta Naiara Burgoa. Alkorta gizarte hezitzailea da, eta Burgoa gizarte langilea. Euren lana oso aberasgarria dela azpimarratu dute.
Zelan erabakitzen da umearentzat zein familia den egokiena?
Eva Alkorta: Guk ez dugu baloratzen ama edo aita ona izatea, baizik eta harrerako familia ona izatea. Umearentzat etxe egokia izatea da, azken finean. Ume bakoitzarentzat egokiena den familia bilatzen dugu.
Naiara Burgoa: Ez da gauza bera norberak etxean eduki dezakeen familia eta harrera familia izatea. Guztiz desberdina da, eta guk argi lagatzen diegu hori, balorazioa ez dela pertsonei egiten zaiena, beti ere harrera familia moduan baloratzen direla.
Umeen senitarteko batek harrera familia izan gura duenean, berdin jokatzen al duzue?
E.A.: Umeagaz biologikoki zerikusirik ez duten familiak bakarrik baloratzen ditugu. Aitona-amonekin, izeko-osabekin edota neba-arreba adin nagusikoekin dauden adingabeen kasuan, balorazioa zuzenean aldundian egiten da. Gerta daiteke horiek guri bideratzea, esku hartzeko esatea, eta orduan eurekin lan egiten dugu. Saiatzen gara harreragilearen eta bere familia biologikoaren artean ahali-eta harreman onena lortzen; gaitzagoa izaten da, familia istorio bat partekatzen dutelako, urteetako gorabeherak beti ez dira lantzeko errazak izaten.
Naiara Burgoa eta Eva Alkorta.
Eta nola esan norbanako edo bikote bati ez duela harrera familia izateko balio?
N.B.: Prozesu honek dena mugitzen du, eta, beraz, egonkor egotea beharrezkoa da. Euren zaintza ere oso garrantzitsua da. Ezetza denean ez da ez duzulako balio, baizik eta ez delako momentua, edo ikusten dugulako familiarentzat kaltegarria dela. Familiak behar dira bai, baina ez familia hori kaltetzeko, ez edozeren truke. Ezezkoa ematen denean familia horren onerako pentsatutako erabakia izaten da.
Zelakoak dira bisitak?
E.A.: Umeekin egon aurretik guraso biologikoekin batzen gara. Zer edo zer garrantzitsua pasatu bada edo dena delakoa azaltzeko. Umeari emateko egokiak diren mezuak lantzen ditugu, zeri buruz berba egin dezaketen. Umeari bere bizi istorioa kontatu behar zaio. Adinera egokitutako berbekin kontatzen saiatzen gara, baina gezurrik esan barik. Hasieratik jakin behar du zein den bere errealitatea.
Harrera familiak aipatzean, umeez berba egiten da, baina nerabeak ere badaude.
E.A.: Nerabezaroa izaten da kezka handiena sortzen digun unea. Adin horretara heltzean, emozionalki oso ukituta egoten dira, eta askotan eurentzat ez da egokiena harrera familia batera eroatea, elkarbizitza jasangaitza izango litzatekeelako. Harreran dauden familietan ere, nahiz-eta txikitatik elkarrekin egon, une gogorrak izaten dira batzuetan. Denon nerabezaroa da krisialdi bat, eta harreran dauden umeetan krisialdi bikoitza dela esan liteke, berezko arrazoiei euren istorioak gehitzen zaizkielako.
N.B.: Pixka bat gaitza da; zailtasunak agertzen direlako eta mina duten umeak direlako; eurek ere ez dakite zelan atera eta euren sentimenduak zelan kudeatu. Laguntza teknikoa uneoro dago parte guztientzat.
Programan dauden familia batzuek errepikatu egiten dute, baina ume batetik bestera tarte bat pasatu behar da, ezta?
E.A.: Duelua pasatu behar dute urgentziazko harrera familiek zein guraso biologikoetara bueltatzen diren umeak izan dituztenek. Tarte horretan ere, eurek behar izanez gero, laguntza psikologikoa eskaintzen zaie.
N.B.: Ume batetik bestera hartzeko gutxieneko epe bat dago. Norberaren arabera, hilabete gehiago edo gutxiago izan daitezke. Orain duelu horretan daude hainbat familia. Hala, badaude balorazio prozesua amaitzekotan daudenak, eta laster poltsetara pasatuko direnak. Eta epe laburrean hiru ume harrera familien etxeetara joango dira. Momentu honetan oso gutxi daude poltsa denetan.
Esperientzia aberasgarria denaren eraskule argiena errepikatzen duten familiak direla esan liteke.
E.A.: Errepikatzen dutenek argi esaten digute momentu gogorrak pasatzen direla, baina asko betetzen dituztela umeek. Momentu pozgarri asko ematen dizkiete, eta eurak horregaz geratzen direla diote.
Ez da erraza izango arlo profesionalak arlo pertsonalean ez eragitea, ezta?
E.A.: Ez da erraza, ez, onerako eta txarrerako. Askotan umeek zu erreferente moduan ikustea eta behar duenean beragaz hor egongo zarela ikustea oso positiboa da. Baina gestionatzen jakin behar da. Askotan zenbat umegaz etortzen garen etxera, gure buruan zenbat ume dauden. Baina uste dut gauza positibo gehiago dakartzala negatiboak baino. Argi eduki behar da lana lana dela, eta distantzia bat ipintzen ikasi behar dugula. Gure zaintza ere garrantzitsua da; gu ez bagaude ondo eurak ezin ditugu ondo zaindu.
Gogorra eta aldi berean aberasgarria dela azpimarratu duzue.
E.A.: Informazioa ematen dugunean, argi lagatzen dugu ez dela prozesu arrosa; hau ez dela erraza. Ardura edo erantzukizun ariketa bat da; argi izan behar duzu harrera familia izateak suposatzen duen dena. Askok ikusten dute ez daudela honetarako prestatuta, edo ez dela momentua. Aurkezten zarenean jakitun izan behar zara zertara aurkezten zaren; zer suposatuko duen. Jendea beti behar da; urtero eta urte guztian.
Momentu gogorrak gainditzen laguntzea ere tokatzen zaizue.
E.A.: Une kritikoak gertatzean, eurekin pila bat gauza landu behar izaten ditugu. Ez dut ezagutu teknikoen aldetik esatea «ume honek hemendik atera behar du». Bai gertatu izan zaigu familiak esatea ezin duela gehiago, eta uztea, amore ematea. Batik bat nerabezarora heldu direnean izan da. Gauzak hain ondo ez doazela ikusten badugu, hiru parteekin lan gehiago egiten dugu. Hasierako asteetan, egokitzapenagaz hasten garenean ikusten badugu ondo ez doala, motelago joaten gara. 8 urteko bi ume ez dira berdinak, ezta harrera familiak ere. Erantzun indibidualak eman behar dira. Prozesua hiru parteei egokitua da, baina, batez ere, umeei; guk umeen zerbitzurako lan egiten dugu.
HONEKIN LOTUTA: Harrera familien premien inguruko ERREPORTAJEA