Askapena erakunde internazionalistak urtero antolatzen dituen brigadetan parte hartu zuen iaz Maider Lazkano Iturrino (Mutriku, 1990) mutrikuarrak. Ekialde hurbileko herrialdean hiru asteko egonaldia egin zuen iazko udan.
Zenbateko taldea joan zineten Palestinara?
Bost pertsona joan ginen guztira, denok ere emakumeak. Palestinako iazko brigada, gainera, berezia izan zen.
Zer zentzutan?
Askapenatik brigada feminista izatea proposatu ziguten. Horregatik joan ginen denok emakumeak, begirada feminista hori bermatzeko.
Bertako taldeekin ere harremanetan egon zarete, ezta?
Mugimendu feministako taldeez gain, preso politikoen sostengu ekonomikoa eta judiziala eramaten duen talde batekin, bertako eragile politikokoekin, sindikalekin eta fronte popularreko hainbat kiderekin batzeko aukera izan genuen, besteak beste.
Zer lan egin duzue?
Batez ere lan politikoa egiten aritu gara. Palestinari gure elkartasuna azaldu, eta bertako errealitatea ezagutzen saiatzen gara, Euskal Herrira bueltan han ikusitakoa ezagutara emateko. Guk, aldiz, hemengo errealidadearen berri ematen diegu, beti ere ikuspuntu feminista ere kontuan izanda.
Maider Lazkano brigadista mutrikuarra
Zer tokitan egon zarete?
Asko mugitu gara. Tel Aviveko (Israel) aireportura ailegatu, eta handik Palestinara igaro ginen. Jerusalemdik gero, Hebronen, Betleemgo Aida errefuxiatu eremuan, Ramallahen, Nablusen… eta beste leku askotan egon ginen.
“Tiroketak eta atxiloketak eguneroko gauza dira Palestinan”
Gazara sartu zineten?
Gure artean Gazako zerrendara joatea pentsatu genuen, baina gure segurtasuna ez zegoenez bermatuta, hor sartzea ez zela komeni esan ziguten Askapenakoek.
Herrialdean sartzeko arazorik eduki zenuten?
Bai. Tel Aviveko aireportura ailegatu orduko gelditzeko eskatu, eta banaka galdeketa egin ziguten.
Eta zer galdetu zizueten?
Gure artean zelan ezagutzen ginen, zertara gentozen herrialdera, nora gindoazen, zenbat denborako… denetik galdetu eta gero, Palestinara sartzen laga ziguten. Irtetzerako orduan, berriz, sartzeko baino galdeketa luzeago egin ziguten, eta hurrengoan Palestinara sartzeko oztopo gehiago edukiko genituela ulertzera eman ziguten.
Bertako egoera oso kontrolatuta dago orduan.
Jerusalemen 600 kamera baino gehiago daude kalean, dena kontrolpean izateko. Palestina osoan zehar, bestalde, kontrol puntu ugari daude. Orain dela gutxi, esaterako, neskato bat hil da kontrol puntu horietako batean. Gaixorik zegoen, eta medikuarengan zeramatela kontrol puntuan denbora luzez atxikirik izan zuten. Ez zioten pasatzen laga, eta, azkenean, ez zen bizirik ailegatu medikuarengana.
Zein da bertako eragileen errealitatea?
Hara joan aurretik asko informatu nintzen, eta euren artean nahikoa kohesionatuta egon zirela uste banuen ere, dena aldrebes zela konturatu ginen. Zisjordanian gobernuan dagoen Al-Fatah, esaterako, ezkerrekoa zela eta herriaren alde egingo zuela uste genuen, baina errealitatean guztiz kontrakoa gertatzen dela egiaztatu genuen.
Maider Lazkano
Eta herrialdearena?
Palestinan gerra dagoela sinesterazi badigute ere, Israelgo gobernua genozidioa aurrera eramaten ari da Palestinaren aurka. Gerra bat kontsideratzen da elkarren aurka borrokatzeko baliabide antzekoak edo berdinak daudenean. Kasu honetan jendarte zibila bonbardatzen ari dira… Orain gutxi ere argi ikusi da Israelen jarrera oldarkorra. Israelek Palestina okupatu zuen 70. urteurrena bete da, eta Gaza erasotu ostean, 60tik gora hildako egon ziren. Genozidioa kontsideratzen da arraza, erlijo edo nazio bat osatzen duten komunitatea suntsitzea.
“Bonbak jaurtitzeko erabiltzen duten drone handi bat gure gainean jarri zen”
Antzeko egoerarik bizi izan duzue hurbiletik?
Hainbat soldadu israeldar palestinarrak arakatu, lurrera bota eta metrailetarekin apuntatzen ere ikusi ditugu gure aurrean. Tiroketak eta atxiloketak ere eguneroko gauza dira Palestinan. Bestelako egoera bildurgarri bat ere bizi genuen.
Zein?
Nabisalenen bertako gazte palestinar batekin mendira joan ginen paseatzera, eta tontorrera ailegatu ginenean azpian soldaduak zeudela ikusi genuen , baina ez genion garrantziarik eman. Aurrerantz gindoazela, baina, lagunak askosaz aurrerago ez joateko agindu zigun, tiroka hasiko zirela eta. Gelditu egin ginen, eta bapatean bonbak jaurtitzeko erabiltzen duten drone handi bat gure gainean jarri zen. Hor erabat beldurtu ginen. Jaisteko eskatu ziguten, eta herrira bueltatu ginen. Hori bai, etxera sartu arte jarraitu zigun droneak.
Bertakoek zelan bizi dute zapaltze egoera hori?
Bizirauten ari dira; eta etorkizunik ez dutela diote. Atzetik datozenengatik borrokatzen ari dira egunero. Euren esperantza bakarra nazioartetik datorren konponbidea da. Baina AEBek Israelen jarrera babesten dute, eta Europak ez ikusiarena egiten du egoera horren aurrean.
Israeldarren aldetik badago palestinarren aldeko jarrera erakusten duenik?
Badago horren inguruko mugimendua. Israeldar gutxi batzuek palestinarren aldeko mobilizazioak ere antolatzen dituzte.
Konponbiderik ikusten diozu?
Nik ez daukat esperantza handirik. Atzetik gainera, bestelako interesak daude. Nire uste apalean honen guztiaren atzean estrategia bat dago komunitate musulmana orokorrean baztertzeko eta kriminalizatzeko. Eta aitzakiatzat jartzen dituzten Al Qaeda, Isis eta antzerako muturreko taldeak, euren aurka jazartzeko. Palestinarrak terroristak direla esaten dute beraien aurka nahi duten guztia egiteko, eta inpunitate hori lortzeko.
Zelan eragin dizu esperientzia honek?
Etxera bueltatu eta ordu gutxira jabetu nintzen han bizitako denaz, eta hilabete inguru dena asimilatu nahian egon nintzen. Gazako azken bonbardaketa gertatu denean ere, lurjota geratu naiz; amorruz eta inpotentziaz beteta. Denok dakigu Palestinan zer ari den gertatzen, baina inor ez da ari konponbidea emateko ezer.