Markina-Xemeingo 41. Eskupilota Txapelketa egongo da jokoan etzi
Etzi erabakiko dira Markina-Xemeingo 41. Eskupilota Txapelketako irabazleak. Guztira sei partida jokatuko dira 10:00etan hasita, txikietatik hasi eta nagusiak arte. Urtero bezala, frontoi txikiko kantxak hartuko ditu finalak.60 pilotarik baino gehiagok...
60 pilotarik baino gehiagok parte hartu dute aurtengo txapelketan. Ia guztiak Markina-Xemeingo eskolakoak izango dira, baina bikoteak osatzeko beste herri batzuetako eskoletako pilotariak ere gonbidatu dituzte.
Pello Urionabarrenetxea Markina-Xemeingo Esku Pelota Taldeko entrenatzaileak jakitera eman duenez, umeen mailako finalera ailegatu den Mikel Maguregik ez du finala jokatzerik izango. «Min hartuta dago, eta bere ordez Aratz Martinezek jokatuko du».
Bestalde, finalen aurretik taldeko txikienen norgehiagoka bat egongo dela aurreratu du Urionabarrenetxeak. «6 urteko benjamin-aurrekoek jokatuko dute lagunartekoa; 09:45ean».
Herriko txapelketagaz gainera, Bizkaiko Herriarteko finalaurrekoa ere jokatuko dute Markina-Xemeingo Esku Pelota Taldeko pilotariek. Bihar daukate bueltako partida Zeanuriren kontra 20:00etan, Markina-Xemeingo frontoi nagusian. Gaur, berriz, Txikien Herriartekoko finalaurrekoa jokatuko dute Zaldibarren, 18:00etan.