Danbor hots eta ahots goxoz bete ditu Ondarroako kaleak Ikastola Egunak
[zuzenean ARGAZKI GALERIA ikusi]
Musika Plazan bat egin dute guztiek 13:00ak orduko. Aurpegietan emozioa eta poza nabari zitezkeen. Izan ere, gaurkoa egun oso berezia izan da ikastolakoentzat; kanpoan bizi direnak etxera bueltatzeko eguna izan da. Danbor hotsez bete da plaza lehen minutuetan, Diana, Iupi ia ia, Guztiok Ondarru, Balego edota Debako martxa jo dituzte gazte zein nagusiek, irakasle, langile, ikasle, ikasle ohi, guraso eta guraso ohiek. Ondoren, frontoirako bidea hartu dute denek. Joaldunak txalo artean hartu dituzte, eta “beste bat, beste bat” oihupean amaitu du saioa Yolanda Loira eta Estibalitz Arrizabalagaren zuzendaritzapean abestu duen ikastolako koruak.[zuzenean ARGAZKI GALERIA ikusi]
Aipamen berezia. Emanaldiz emanaldi, Iker Lizarzaburu ikastolako lehendakariak hartu du hitza. Aipamen berezia egin nahi izan die azken urtean zendu diren eta ikastolaren ibilbidean hain garrantzitsuak izan diren Miren Akerra, Isidor Etxaburu eta Edur Zabalari. “Eskerrik asko hau aurrera eramaten lagundu duzuen guztioi”. DBH4 amaitu dutenek inoiz esperoko ez luketen diploma banaketa izan dute. Musika Plaza bete jenderen aurrean jaso dute ikastola amaitu dutela dioen agiria. Ez beraiek ez gainerakoek ez dute ahaztuko 2018ko Ikastola Eguna.