Erakusketa, dokumental, mahai inguru, kiniela eta Xistera zirkuituko bigarren jardunaldiko partidua. Hori eta askoz gehiago eskaini dute gaur [ekainak 16] emakume puntisten topaketek Markina-Xemeinen. Helburua, emakumeek pilotan izan duten eta daukaten
garrantzia azaleratzea.
Emakume pilotariak. Iragana eta oraina solasaldiak nahikoa jende batu du kultur etxean. Arantza Camañesek zuzenduta aritu dira solasean Arantxa Pereda aditua eta Izaro Arbe herriko pilotaria. Iragana ezagututa, etorkizuneko erronkak zeintzuk diren azaldu dute, bide horretan
Xisterak daukan garrantzia azpimarratuz.
Puntista gazteak, Uni frontoian.
Arratsaldean,
26 pilotari bildu dira frontoiko kantxan: Markina-Xemeingo, Ereñoko, Berriatuko, Gasteizko, Tolosako, Donostiako, Durangoko, Hondarribiako, Biarritzeko eta Zumaiako puntistek hartu dute kantxa. Hiru kiniela jokatu dituzte, zaleen ohiu, animo eta txalo artean.
Kontxita Bustindui erraketista berriatuarra omendu dute ondoren.
Ohorezko pasilloa egin diote topaketetan parte hartu dutenek, harmailetan zeudenen txalo artean. Lore txorta eder bat eta aurreskua oparitu dizkiote, kirol ibilbidean lortutakoagatik eta emakumeei bidea irekitzeagatik. Bustindui hunkituta agertu da, eta pozik Markina-Xemeinen egoteagatik. Donostian bizi da azken urteetan, baina Markina-Xemeingo bizilaguna izan zen urte batzuez. Izan ere, Mugerza herriko puntista ospetsuagaz ezkonduta egon zen.