Herritarren aterkipean hustu dituzte presoen maletak, Gernika-Lumon
Dispertsio politika salatzeko manifestazioa egin dute Gernika-Lumon. Presoen senideen maletak hustu zituzten manifestazio osteko ekitaldian, auditorioanPresoen sakabanaketaren arazoa salatzeko eta gizarteratzeko manifestazioa egin zuten barikuan Gerni...
Dispertsio politika salatzeko manifestazioa egin dute Gernika-Lumon. Presoen senideen maletak hustu zituzten manifestazio osteko ekitaldian, auditorioan
Presoen sakabanaketaren arazoa salatzeko eta gizarteratzeko manifestazioa egin zuten barikuan Gernika-Lumon. Sare Gernika-Lumok antolatutako mobilizazio eta ekitaldian, presoak euren aterkipean dituztela erakutsi zuten hainbat herritarrek.Presoen senideen maletak hustu egin behar direla adierazi zuten, eta hala egin zuten manifestazio osteko ekitaldian; dispertsio politika salatzeko maletak hustu zituzten eta.
Konponbiderako, elkarbizitzarako eta bakerako momentu egokiena «orain» dela azpimarratu zuten Sareko kideek: «Maiatzaren 4an Kanbon bizitako egun historikoaren ostean, parez pare zabaldu zitzaigun hainbeste sufrimendu sortarazi duen ziklo luzeari amaiera emateko aukera. Elkarrekin lan eginez, elkarri begiratuz, eta ditugun adostasunei lehentasuna emanez lortuko da hori».
Hori horrela, eguneroko bizitza eta politika «normalizatzeko» etenik gabeko esfortzuak egin beharko direla aitortu zuten herritarrek. «Giza legekoa» delako, eta sufrimenduari ateak itxi eta konponbideari leihoak zabaltzeko unea delako. Hori da, hain zuzen, Sareko kideen berbetan, «gehiengo sozialak» eskatzen duena. «Ia 30 urtez indarrean dagoen dispertsio politikak euskal preso eta beraien senide eta ingurukoen giza eskubideak sistematikoki urratzen ditu, iraganeko argazki krudela orainari eta etorkizuneko bizitzari untzatuz. Salbuespen politika honegaz bukatu beharra dago».
Oraindik sufrimendua sortzen duten auziak ere gogoratu zituzten; izan ere, 282 euskal presok beraien senideengandik ehunka kilometrora jarraitzen dutela gogorarazi zuten. «ETAk existitzeari utzi dion arren, 282 euskal preso daude beraien senideengandik milaka kilometrora. Euren eskubideen jabe izan arren, oraindik ere salbuespen neurriak ezartzen zaizkie».
Bidaietako osagarriak
Ilusioak eta esperantzak sartzeko euskarria da maleta. Baina beti ez da horrela gertatzen, espero baino gehiago baitira behartuta egiten diren bidaietako osagarriak: «Badaude soinean kilometro asko dituzten herritarrak; urte luzez bidaia luzeak egindakoak». Maleta horiek hustu egin gura dituztela aitortu zuten herritarrek, gertuko arazoa dela arrazoituz.
Hori horrela, dispertsio politikaren ondorioz bidaiak egitera kondenatuak izan diren gernikarren eta inguruko herrietakoen argazki bana egitea pentsatu dute Sareko kideek hurrengo proiekturako; hau da, Gernikako dispertsioaren argazki kolektiboa osatzeko. Proiektuak harridura sortuko duela badakitela esan zuten Sareko kideek, «kopuruagatik eta perfilagatik». Eta horrelako erronka aurrera ateratzeko, sarekide guztien laguntza eta beharra zutela aitortu zuten.
Sarekideek ez dute geldirik geratzeko gogorik: «Testuinguru berri baten gaude, eta indarrak aktibatzen asmatu behar dogu euskal preso eta iheslarien gaiak aterabide integrala edukitzeko».