Hunkituta jaso du Kontxita Bustindui erraketista ohiak omenaldia Uni frontoian
Emakume puntisten topaketak egin dituzte Markina-Xemeinen. Erakusketa, emanaldia, mahai ingurua, kinielak eta Nesken Xistera Zirkuituko partidua eskaini zituen egunak, besteak besteEmakumeek pilotan izan duten eta daukaten garrantzia azaleratzea helbur...
Emakume puntisten topaketak egin dituzte Markina-Xemeinen. Erakusketa, emanaldia, mahai ingurua, kinielak eta Nesken Xistera Zirkuituko partidua eskaini zituen egunak, besteak beste
Emakumeek pilotan izan duten eta daukaten garrantzia azaleratzea helburu hartuta, Emakume puntisten topaketak egin zituzten zapatuan Markina-Xemeinen. Erakusketa, dokumental, mahai inguru, kiniela eta Xistera zirkuituko bigarren jardunaldiko partidua izan ziren aukeran, besteak beste. Zirkuituko norgehiagoka hasi aurretik Kontxita Bustindui erraketista berriatuarra omendu zuten.Ohorezko pasilloa egin, eta lore txorta eder bat oparitu zioten topaketetako puntistek. Aurreskua ere egin zioten; guztia kirol ibilbidean lortutakoagatik eta emakumeei bidea irekitzeagatik. Bustindui hunkituta agertu zen, eta pozik Markina-Xemeinen egoteagatik. Donostian bizi da azken urteetan, baina Markina-Xemeingo bizilaguna izan zen urte batzuez.
Emakume pilotariak. Iragana eta oraina solasaldiak, esate baterako, nahikoa jende batu zuen kultur aretoan. Arantza Camañesek zuzenduta aritu ziren solasean Arantxa Pereda aditua eta Izaro Arbe herriko pilotaria. Iragana ezagututa, etorkizuneko erronkak zeintzuk diren azaldu zuten, bide horretan xisterak daukan garrantzia azpimarratuz.
Arratsaldean, berriz, 26 pilotari bildu ziren Uni frontoian egin zen Xistera Zirkuituko Emakumeen Topaketetan. Hiru kiniela jokatu zituzten lehenengo, eta zirkuituko partidua, ondoren.
Maddi Jauregi (Beotibar Tolosa) eta Izaro Arbe (Markina-Xemein), izan ziren azken partiduko irabazleak, Ziortza Landa (Ereño) eta Naia Calvo (Berritxu) 2-0 mendean hartuta.