Oholetik ahalera eta ahaletik oholera, Ikastola Egunean
50. urteurreneko jarduerei amaiera borobila eman die Zubi Zaharrek Ikastola Egunagaz. Gaurko eta lehengo ikastolako kideek batzeko egun aproposa izan dute danbor hots eta ahots goxoz betetako ekintzetan.Oholetik ahalerako jauzia egin du Zubi Zahar herr...
50. urteurreneko jarduerei amaiera borobila eman die Zubi Zaharrek Ikastola Egunagaz. Gaurko eta lehengo ikastolako kideek batzeko egun aproposa izan dute danbor hots eta ahots goxoz betetako ekintzetan.
Oholetik ahalerako jauzia egin du Zubi Zahar herri ikastolak sorreratik. Orain 50 urte hasi zen ibilbidea egiten euskaraz hezi eta hazi nahi zutenekin, eta zapatuan, ahaletik oholera eraman zuten azkenaldian ikasitakoa.10:30ak orduko arrosa kolorez betetzen hasi ziren herriko zenbait txoko. Danborradan joatekoak zirenek ikastolarako bidea hartu zuten; koruan abestu behar zutenek Plazagainen bat egin zuten. Joaldunak jaieguna iragartzen hasi ziren. Musika Plazan bat egin zuten guztiek.
Aurpegietan emozioa eta poza nabari zitezkeen. Izan ere, zapatukoa egun oso berezia izan zen ikastolakoentzat; kanpoan bizi direnak etxera bueltatzeko eguna izan zen. Danbor hotsez bete zen plaza lehen minutuetan, Diana, Iupi ia ia, Guztiok Ondarru, Balego edota Debako martxa jo zituzten gazte zein nagusiek, irakasle, langile, ikasle, ikasle ohi, guraso eta guraso ohiek. Ondoren, frontoirako bidea hartu zuten denek.
Joaldunak txalo artean hartu zituzten, eta «beste bat, beste bat» oihupean amaitu zuen saioa Yolanda Loira eta Estibalitz Arrizabalagaren zuzendaritzapean abestu zuen ikastolako koruak.
Emanaldiz emanaldi, Iker Lizarzaburu ikastolako lehendakariak hartu zuen hitza. Aipamen berezia egin nahi izan zien azken urtean zendu diren eta ikastolaren ibilbidean hain garrantzitsuak izan diren Miren Lersundi Akerra, Isidor Etxaburu eta Edur Zabalari. «Eskerrik asko hau aurrera eramaten lagundu duzuen guztioi». Ekitaldi nagusiaren ostean, herri bazkaritan batu ziren 700 lagun. Ekintzak gauerdira arte luzatu ziren.