Amerikanuak ailegatuko dira zapatuan Markina-Xemeinera
Abarka antzerki taldeak 'Uelkom Amerikanuek' antzezpen berria estreinatuko du. Pieza berria herrira begira prestatu dutela azaldu du Ander Lipus zuzendariakFrontoi barruko oholtza gainetik kalera irtengo du orain Abarka antzerki taldeak. «Denbora espr...
Abarka antzerki taldeak ‘Uelkom Amerikanuek’ antzezpen berria estreinatuko du. Pieza berria herrira begira prestatu dutela azaldu du Ander Lipus zuzendariak
Frontoi barruko oholtza gainetik kalera irtengo du orain Abarka antzerki taldeak. «Denbora espresean» prestatu, eta zapatuan estreinatuko dute Markina-Xemeinen Uelkom Amerikanuek lan berria. 19:00etan da hitzordua Zelaian; ordu horretan ailegatuko dira Ameriketatik Felix Urionabarrenetxea pilotari izandakoa eta haren familia: Cindy emazte amerikarra eta seme-alabak Michael eta Nicole.Proposamen fresko eta entretenigarriagaz dator Abarka. Azkenaldian antzezten aritu izan diren Besaulkiak izeneko obrak ahalegin handia suposatu dio taldeari, batez ere, azpiegitura aldetik. Markina-Xemeinen ez dago antzokirik, eta, beraz, dena eraiki behar zuten osorik, horrek eragiten duen zailtasunagaz. Orain berriz, justu kontrakoa aukeratu dute, ekoizpen garestirik barik eta gastu gehiegirik barik kale antzerki bat egitea, Markina-Xemeingo eszenografia erabiliz.
Bost laguneko taldea elkartu da proiektu berrirako: Amalia Martin, Eneko Arrate, Luis Egurrola, Lur Epelde eta Argia Santamaria. Eta berriz ere, bidelagun dute Ander Lipus zuzendari markina-xemeindarra. Mikel Unamunzagak, berriz, soinuaren ardura edukiko du, eta amerikanuen morroia ere izango da.
Ibiltaria
Antzerki pieza Markina-Xemeinera begira egin dutela azaldu du Ander Lipusek. Izan ere, istorioak ere kutsu markina-xemeindarra dauka. «Ez dugu egin beste herrietara eramateko intentzioagaz. Besaulkiak lanagaz bazegoen asmo hori, eta hiruzpalau lekutan antzeztu dugu. Aulestin, Lesakan eta Deban egon ginen, esate baterako. Lan hau, berriz, hemen egin daiteke bakarrik; Markina-Xemeingo lekuak aprobetxatzen ditugu, eta leku horietan gertatzen dira gauzak».
Hala, kale antzerkia ibiltaria izango dela aurreratu du Lipusek. Publikoa, beraz, mugitu egin beharko da aktoreekin batera, antzezpena jarraitzeko. «Leku bakoitzeko esketxak laburrak dira, baina batetik bestera ibiliko gara». Gutxi gorabehera 50 bat minutuko obra eskainiko dute.
Denen ekarpen eta inprobisazioagaz osatu dute gidoia, eta istorioa kitzikagarria izango dela aurreratu du zuzendariak; gai garratzak ere ikutuko ditu. «Komedia bat da, eta komedia batek zer edo zer garratza eduki behar du. Amerikarrek munduaren erdigunea direla uste dute, eta antzezpenaren kartelak berak ere erakusten duen modura, Goiko Portaleko iturria kendu eta Askatasunaren Estatua jarri dugu, nahi barik ere daukaten kolonizatzaile nortasun horren erakusgarri».
Felix Urionabarrenetxea eta haren familia ohore guztiekin itzuliko dira Markina-Xemeinera. Uriona osoa famatua izan zen pilotari moduan Ameriketan, arrakasta handia eduki zuen, eta diru asko irabazi, eta urte askoren ondoren herrira itzuliko da bere ondorengoei Markina-Xemein zelako polita den erakustera, baina bere jaioterria asko aldatu da.
Orain arte barruan, Abarkaren lokalean entsegatu dute komedia, dena dela, eguraldiak lagunduz gero, egunotan, entsegu batzuk kalean egiteko asmoa daukate. «Gehiegi ez dugu nahi erakutsi, baina proba batzuk egingo ditugu».
Urionabarrenetxeatarren istorioa ezagutu nahi duenak zapatuan izango du aukera. Egun horretako da Abarkak aurreikusita daukan emanaldi bakarra.