Hondakinen kudeaketaren ikuspegi ezberdinak dauden garai honetan, hondakinen
kudeaketa ekologiko eta arduratsuaren alde egiteko tokiko erakunde batzuek
Hobeki elkartea sortu dute. Eta Berriatuko Udalak elkarte horrekin bat egin du. “Ez dago hondakinen kudeaketarako politika antolaturik, herrialde bakoitzak bere erara funtzionatzen du, eta etekin politikoa eta ekonomikoa atera nahi izan zaio konpromiso soziala eskatzen duen gai bati”.
Askotan, gainera, erabaki eta jardun okerrak gailentzen direla esan dute, “unean uneko bultzadei eta interes ekonomiko pribatuei men eginez”. Gaur egun hondakinen legeriak kudeaketa zein printzipiok gidatu behar duten “ondo markatzen” duela diote. “
Legeak argi azaltzen du tratamendurako hierarkiaren printzipioa, salneurrien eta tarifen politika, eta gardentasunaren irizpidea”. Ildo horretatik, osasuna, ingurumena, ekonomia zirkularra eta abar bezalako kontzeptuak denen ahotan dabiltzala esan dute. “Zoritxarrez, baina, praktika oso bestelakoa da”.
Hobeki elkarteko kide diren tokiko erakundeetako ordezkariak. Argazkia: Hobeki
Horren aurrean,
ingurumena eta osasuna lehenesten dituzten toki erakundeek elkarren arteko komunikazioa eta esperientzia nahiz iritzi trukaketa behar bezala egiteko, eta beste toki erakundeen ezagupenera iristeko elkarte bat sortzea adostu dute. “Hobeki elkarteko kideok hondakinen kudeaketa ekologiko eta arduratsuarekin erabateko konpromisoa daukagu, bai teorian eta baita ere praktikan. Elkarte baten batzea erabaki dugu interes komunaren mesedetan lankidetza sustatzeko”.
Ondokoak dira
elkartearen printzipioak:
- Hondakinen kudeaketan osasunaren eta ingurumenaren zaintza lehenesten dute.
- Herritarrak eta herri erakundeak elkarren eskutik joan behar dute. “Eginkizun honen izaera kolektiboa nabarmentzen dugu”.
- Herritarrak ahalduntzea, prozesu osoaren parte aktibo izateko aukera emanez, eta hondakin horiekin hasieratik bukaerara zer egiten den garbi azaldu. Azkenik, erabakietan parte hartzeko aukera eskaini.
- Kudeaketak hondakinen zikloa bere osotasunean hartu behar du, ikuspegi zirkularra landuz.
- Edozein tratamenduren abiapuntutzat dute murriztea. “Hondakinik onena sortzen ez dena da. Prebentzio neurriak zorroztu beharra dago”.
- Bilketak eraginkorra izan behar du.
- Murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea dira lehenetsi beharreko tratamenduak.
- Europako jarraibideek agindutakoaren bat, balorizazio materiala hobesten da balorizazio energetikoaren kaltetan.
- Azpiegitura lokalak lehenesten dituzte, tokiko garapena indartzea eta garraioa murriztea dakartelako.
- Aurrerakuntza teknologikoei duten garrantzia eman behar zaie.
Elkarteko
kide diren erakundeak lau konpromiso hartu dituzte:
- Elkartearen printzipioak onartzea eta hondakinen politika printzipio horien arabera garatzea.
- Elkarteari udalerriaren unean uneko egoeraren berri ematea
- Udalerriko hondakinen kudeaketarako plangintza bat diseinatu eta martxan jartzea
- Tratamendu finalistara doan zatia ahalik eta txikiena izatea