Arrietakua Jauregiak bere ateak zabaldu ditu egunotan, eta bere hormen barruan gordeta dauden altxorrak ezagutzen lehenengoak herritarrak izan dira, publiko orokorrarentzako programatuta dauden bisita gidatuak egiten hasi aurretik. Lehen bisita gidatua domekan [ekainak 17] egin zen, eta orduz geroztik, dozenaka izan dira jauregia eta bere historia ezagutzera hurbildu diren mutrikuarrak.
Mutrikuko Udalak 23 bisita gidatu eskainiko ditu doan ekainaren bukaera arte, eta bertan 350 mutrikuarrek eman dute izena. Udal ordezkariek nabarmendu dutenez, herritarren eskura atera dituzten plaza guztiak bete dira; “eskuragai ipini genituen lehen egunerako erdiak beteta zeuden”. Nabarmendu dutenez, herritarrek sekulako ikusmina dute jauregia barrutik ezagutzeko.
Bisitariak lehen solairuko gela batean
Martitzenean [ekainak 19], bestalde, turismo sektorean lan egin duten teknikariek, Gipuzkoako eta euskal kostaldeko museoetako agenteek eta Geoparkeko eta Debegesako teknikariek Areilza Txurruka familiaren etxea den jauregian ikusgai dauden guneak ikusteko aukera izan zuten.
Ordu eta erdi inguruko bisita Mutrikuko turismo bulegoan hasi zuten, eta turismo teknikariak datozen bisita gidatuetan lana nola egingo duten erakutsi zieten bertan batutakoei. Handik, Mutrikuko hirigunearen bihotz-bihotzean dagoen eraikina bisitatzera joan ziren.
Lehen geldialdia jauregi aurrean bertan egin zuten; eraikinari buruzko hainbat zehaztapen emateaz gain, etxearen aurrealdean dauden GaztaƱetatarren barroko garaiko harrizko armarriei buruzko azalpenak ere eman zitzuten. Ondoren, Antonio de GaztaƱeta edota Kosme Damian Txurruka moduko herritar ezagunena izandako jauregian sartu ziren. Etxea eraiki zenez geroztik oso aldaketa gutxi jasan ditu. Izan ere, bertan bizi izan direnek bere horretan mantendu nahi izan dute. Orain, hori ezagutzera ematen ari dira.
Beheko solairuan sartu, eta Aldundiak prestatu duen ikus-entzunekoa ikusi zuten. Bideoaren sarreran Enrique Areilza Mutrikuko kondearen ongietorria jaso, eta bere familiako espazioa gertutik ezagutzera gonbidatu zituen bisitariak.
Arrietakua jauregia, bisita gidatua
Beheko solairua eta gaineko hiru solairuak eta lorategia daude ikusgai. Jauregia bere interes arkitektonikoagatik eta bere horma artean gordetzen dituen historiarengatik da berezia, eta hainbat logela eta bulego, saloia, sukaldea… ikus daitezke.
Solairuz solairu bertan bizitakoaz jabetzeko aukera edo bertan gordetzen den ondare bikaina ezagutu ahal izan zuten: sarrerako palankina, Mutrikuko armarria duen zigilua, garai bateko jantziak, liburu ikusgarriak, margolanak, eskulturak, biografiak… Baina horietan preziatuenak hirugarren solairuan dagoen sukaldeko hormetan zintzilik dauden San Felipe eta Santa Isabel ontzi ezagunen miniaturak dira. “Ziuraski Espainia eta Europa mailan gordetzen diren zaharrenak dira”.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.