'Andren aurreskua' bere jatorrira bueltatuko dute
Ohitura berreskuratuz, belaunaldi ezberdinetako emakumeek, gaur egungo dantzari eta dantzari ohiek, Lekeitioko Andren Aurreskua edo Eguzki dantza dantzatuko dute aurten, San Joan egunean. Gaur egun, aurreskua San Pedro egunez dantzatzen badute ere, Eto...
1953tik gaur arte dantzatu duten belaunaldi ezberdineko 60 emakumetik gora elkartu dira, «denen artean andreen aurresku honi merezi duen lekua emateko asmoz». Hiru dantzaldi eskainiko dituzte: 06:30ean, Talan, eta 13:00etan eta 20:00etan, plazan. Eguerdiko dantzaldian, gainera, batu diren emakume guztiek batera dantzatuko dutela zehaztu dute.
Apartekoa
Etorkizuna Dantza Taldekoek jakitera eman dutenez, aurten 43 urte beteko dira 36ko gerra ostean, lehehengo aldiz herriko emakumeek aurresku hori plazan dantzatu zutenetik. «Urtebete lehenago, Zerutxu Dantza Taldeak berreskuratu zuen, berau dantzatu izan zuten emakume lekeitiarren eta haien familien laguntzagaz. Urte hartatik gaur egunera arte, ehundaka emakume baino gehiago arduratu dira inoiz Andren Aurreskua falta ez izateaz. Eta batek daki aurretik zenbat emakumek egin duten lan, tradizio hau gal ez dadin. Izan ere, 1682koak dira lehengo aipamenak udal agirietan».
Soka dantza berezi hori inguru hauetan osotasunean mantentzen den bakarra dela azaldu dute. «Musika originala eta gerra aurreko emakumeengandik jasotako pausoak dauzka, emakumeek bakarrik dantzatzen dute, bere jatorrian hiru aldiz dantzatzen zen, eta jantziak ere bereak dauzka».
San Joan egunean, udako solstizioan dantzatzen zen eguzkiaren omenez, eta horregatik ezagutzen dela azaldu dute, bai eta Eguzki dantza-jaia bezala ere. «Lehengo dantzaldia goizaldeko mezaren ondoren egiten zen, eguzkiak irtetean, perkalezko gona arrunta eta sorbaldetan zetazko xal txikiak jantzirik. Bigarrena eguerdiko meza nagusiaren ondoren, eguzkiak bere punturik altuena lortzen duenean. Oraingoan, aldiz, jantziak aldatzen dira, gona beltz luzea, gonazpiko zuri brodatua, baska zuria, zapata beltzak, malporteskuak eta krespoisko mantoi dotoreak janzten dira. Azken dantzaldia errosario ostean, eguzkia sartzean dantzatzen zen, eta honetan, eguerdiko jantzi berekin, baina mantoiak kaxemirrezko handiengatik aldatuta».
Domekan, beraz, bizirik mantendu duten ohitura ikusgarriaz gozatzeko aukera eskainiko dute Lekeitioko emakumeek jatorrira bueltan.