Bermeotarrak fanfarreak hainbat ekintza prestatu ditu 40. urteurrenerako
Zapatuan gaiteroekin eta buruhandi eta erraldoiekin egingo duten kalejiragaz emango die hasiera urteurrena ospatzeko ekitaldi bereziei. Udazkenera arte luzatuko dira ospakizunakBermeotarrak fanfarreak 40. urteurrena betetzen du aurten. 1978an sortutak...
Zapatuan gaiteroekin eta buruhandi eta erraldoiekin egingo duten kalejiragaz emango die hasiera urteurrena ospatzeko ekitaldi bereziei. Udazkenera arte luzatuko dira ospakizunak
Bermeotarrak fanfarreak 40. urteurrena betetzen du aurten. 1978an sortutako musika taldeak urte horretako Olentzeroren ibilaldian jo zuen lehen aldiz, eta ordutik hona herriko giroa alaitzen aritu dira etengabe, jaiak eta bestelako egun bereziak musika doinuekin girotuz.Fanfarreakoek adierazi dutenez, badaramate zenbait urte Erregeen Kabalgatan Musika Eskolako ikasleekin parte hartzen; aurtengo udaberrian aparteko mikrokontzertu bat egiteko proposamena heldu zitzaien, txiki eta gazteenen artean musika zaletasuna suspertzeko helburuagaz.
Beste alde batetik, San Joan bezperarako, zapaturako, Busturialdeko Gaiteroekin eta batez ere etxeko txikienek hain gogoko dituzten protagonistekin, erraldoi eta buruhandiekin kalejira dute antolatuta. 12:30ean aterako dira Goiko Plazatik, eta Bermeoko Alde Zaharretik, Portutik eta Lameratik igaroko dira.
Uztailean, tradizio handikoa den jaian, Madalen bezperan, nagusienentzat dantzaldia antolatu dutela adierazi dute: pasodobleak, boleroak, jotak eta balsak dantzatzeko aukera eskainiko diete herritarrei.
Eta zelan ez, herriko Andra Mari jaietan ere egongo dira fanfarreakoak. Bi ekintza antolatu dituzte ordurako. Andra Mari bezperan, urteetan taldearen kalejiretan errefortzu gisa laguntzera etorri diren musikari eta lagunen Gallartako Burdin Klash Txarangaren 10. urteurrena ere badela aprobetxatuz, bi taldeak batera ibiliko dira kalejiran, txupinean eta jaitsieran. Sukalki eta estropada egunean, berriz, Sugarri Euskal Herriko fanfarre onenetakoa ibiliko da kalejiran; Tala eta portua girotuko dituzte, Sugarri Show izeneko ikuskizunagaz.
40. urteurrenerako prestatuta dauzkaten ekitaldiei amaiera emateko, udazkenean, azaroan hain zuzen ere, musikarien zaindari Santa Zezilia omentzeko asmoa daukatela jakitera eman dute. Omenaldi horretan, Bermeotarrak fanfarreako kide eta kide ohiak batzeko asmoa daukate.
Lau hamarkada luze pasa dira musikazaleen lagun talde batek amets bati hasiera eman zionetik Jose Antonio Egiaren ekimenez. Urte horietan guztietan mota guztietako ekintzetan parte hartu izan dute fanfarreakoek: besteak beste, kalejirak, jaitsierak, kontzertuak, dantzaldiak, prozesioak edota dantza taldeekin ikuskizunak egin dituzte.
Errepertorio zabala
Errepertorio aldetik, mota ezberdinetako kantuak jorratu izan dituzte, beti ere, bertoko musikagileei arreta berezia eskainiz: Solabarrietari, Erauzkini edota Egiari.
Zahar zein gazte, jende ugari ibili izan da Bermeoko eta beste herri zein hirietako kaleak alaitzen musika tresna eskuan duela, eta hori ospatu eta gogoratzeko asmo sendoa daukatela iragarri dute Bermeotarrak fanfarre- akoek.