Martxan dago Lekeitioko Sanantolinak iragartzeko kartel lehiaketa
Lekeitioko Udalak San Antolin jaiak iragartzeko kartel lehiaketa abiatu du. Aurten ere, nahi duten sortzaile guztiek lehiaketara aurkezteko aukera izango dute, eta partaide bakoitzak nahi beste lan aurkeztu ahalko ditu. 500 euroko jasoko ditu irabazlea...
Lanen ezaugarriei dagokienez, kartel bakoitzak 50x50eko neurriak izan behar ditu, eta San Antolinak 2018, Lekitto testua agertu behar da derrigorrez. Era berean, Lekeitioko jaiei lotutako berezitasunen bat erakutsi beharko du. Edozein teknika onartuko dute, baina epaimahaiak herriko jaiekin zerikusik ez daukaten kartelak baztertuko dituela zehaztu dute.
Lanak euskarri gogorrean zein digitalean aurkeztu ahal izango dira Eusebio Erkiaga kultur etxean, astelehenetik barikura 09:30etik 13:30era arteko ordutegian. Proposamenak aurkezteko epe muga abuztuaren 1eko 13:00ak izango da.
Aurkeztutako lanen lehen aukeraketa Udaleko Berdintasun Sailean egingo dute, eta Lekeitioko Udal Jai Batzordeak geratzen diren lanetatik hautatuko du kartel irabazlea. Abuztuaren 7an jakitera emango dute zein izan den.