Mutrikuarrak Arrietakuaren xehetasunak ezagutzen hasi dira
Jauregia eta bere altxorrak ezagutzen lehenak 350 mutrikuar izango dira. Herritarrek sekulako ikusmina agertu dute eraikina barrutik ezagutzekoArrietakua Jauregiak bere ateak zabaldu ditu egunotan, eta bere hormen barruan gordeta dauden altxorrak ezagu...
Jauregia eta bere altxorrak ezagutzen lehenak 350 mutrikuar izango dira. Herritarrek sekulako ikusmina agertu dute eraikina barrutik ezagutzeko
Arrietakua Jauregiak bere ateak zabaldu ditu egunotan, eta bere hormen barruan gordeta dauden altxorrak ezagutzen lehenengoak mutrikuarrak izan dira, publiko orokorrarentzako programatuta dauden bisita gidatuak egiten hasi aurretik. Lehen bisita gidatua domekan egin zen, eta orduz geroztik, dozenaka izan dira jauregia eta haren historia ezagutzera hurbildu direnak.Udalak 23 bisita gidatu eskainiko ditu ekainaren bukaera arte, eta bertan 350 mutrikuarrek eman dute izena. Udal ordezkariek nabarmendu dutenez, herritarren eskura atera dituzten leku guztiak bete dira; «eskuragai ipini genituen lehen egunerako erdiak beteta zeuden». Nabarmendu dutenez, herritarrek sekulako ikusmina dute jauregia barrutik ezagutzeko.
Herenegun, bestalde, turismo sektorean lan egin duten teknikariek, Gipuzkoako eta euskal kostaldeko museoetako agenteek eta Geoparkeko eta Debegesako teknikariek Areilzatarren eta Txurrukatarren jauregian ikusgai dauden guneak bisitatu zituzten.
Ordu eta erdi inguruko bisita Mutrikuko turismo bulegoan hasi zuten, eta turismo teknikariak datozen bisita gidatuetan nola lan egingo duten erakutsi zieten bertan batutakoei. Handik, Mutrikuko hirigunearen bihotz-bihotzean dagoen eraikina bisitatzera joan ziren.
Kondearen ongietorria
Lehen geldialdia jauregi aurrean bertan egin zuten; eraikinari buruzko hainbat zehaztapen emateaz gain, etxearen aurrealdean dauden Gaztañetatarren barroko garaiko harrizko armarriei buruzko azalpenak ere eman zituzten. Ondoren, Antonio de Gaztañeta edota Kosme Damian Txurruka moduko herritar ezagunena izandako jauregian sartu ziren. Etxea eraiki zutenetik, oso aldaketa gutxi jasan ditu. Izan ere, bertan bizi izan direnek bere horretan mantendu nahi izan dute. Orain, hori ezagutzera ematen ari dira.
Beheko solairuan sartu, eta aldundiak prestatu duen ikus-entzunekoa ikusi zuten. Bideoaren sarreran Enrique Areilza Mutrikuko kondearen ongietorria jaso, eta familiako espazioa gertutik ezagutzera gonbidatu zituen bisitariak.
Beheko solairua, gaineko hiru solairuak eta lorategia daude ikusgai. Jauregia bere interes arkitektonikoagatik eta bere horma artean gordetzen dituen historiarengatik da berezia, eta hainbat logela eta bulego, saloia, sukaldea… ikus daitezke.
Solairuz solairu bertan bizitakoaz jabetzeko aukera edo bertan gordetzen den ondare bikaina ezagutu ahal izan zuten: sarrerako palankina, Mutrikuko armarria duen zigilua, garai bateko jantziak, liburu ikusgarriak, margolanak, eskulturak, biografiak… Preziatuenak hirugarren solairuko sukaldeko hormetan zintzilik dauden San Felipe eta Santa Isabel ontzi ezagunen miniaturak dira. «Ziuraski Espainia eta Europa mailan gordetzen diren zaharrenak dira».