Iazko jaialdiak harrera on-ona eduki zuenez, aurten
Markina-Xemeingo II. Jazzaldia antolatuko du Uhagon Kultur Elkarteak. Egutegira egokitzearren, data aldatu dute aurten. Hala, II. Jazzaldia uztailaren 20an, 21ean eta 22an izango da.
Iaz bezala, Markina-Xemeinera
kalitatezko taldeak ekartzea dutela asmoa azaldu dute Uhagoneko arduradunek. «Bereziki kontutan izango dugu Euskal Herriko jazz taldeen parte hartzea eta baita oholtza gaineko emakumeen presentzia ere».
Pablo Fdez. Arrieta Trio eta Carme Canelaren kontzertua, Uhagon kulturgunean.
Horrez gain, ekitaldiak
balio erantsia duela diote. «Markina-Xemein eta inguruak ezagutzeko aukera ematen du, eta jazza eskualdera dakar, jaialdi-mota hau nagusiki hiriburuetan egiten baita». Ideia hori,
Musika, mundua, herrira. Herria, harria mundura hitz jolasagaz isladatu nahi izan dute. «Jaialdi honegaz, alde batetik, musika eta mundua dakartzagu herrira, Markina-Xemeinera. Hau da, kontzertu desberdinen bitartez, munduko leku desberdinetako musikari eta musika estiloak dakartzagu. Baina Markina-Xemeinek ere zer edo zer eskaintzen duela uste dugu: gure herria eta berton daukagun ondare historiko kultural aberatsa ezagutzeko aukera ematen diegu jazzaldiaz gozatzera datozen bertoko zein ingurukoei».
Ondarea
Arretxinagako ermitako harri ezagunen bidez adierazi dute, eta harri horiek dira bai eta ere aurtengo karteleko protagonista nagusiak.
II. Jazzaldiaren irudia. Argazkia: Uhagon
Omenaldia. Jazz estiloa, musika bera, bere aldaerak –swinga,bluesa, dixielanda…–, erroak eta historian egin dituen ekarpenak ezagutzera ematea garrantzitsua dela uste dute Jazzaldiaren antolatzaileek. «XIX. mendearen amaieran jaio zen musika estilo hau Estatu Batuetan, herrialdeko esklaboak emantzipatu zirenean. Hasieran dantza-musika herrikoia ez bazen ere, gero arte mota bat bilakatu zen, mundu osoan goraipatua».
Jazz musikari handienetako bat
Charlie Parker (1920-1955) izan zen,
Bird ezizenez ezaguna, eta jazzaldi honetan omenaldi txiki bat eskainiko diote. «Roberto Pachecok Charlie Parker with strings aurkeztuko digu. 1949 eta 1950 urte artean Charlie Parkerrek estudioan grabatutako lanak eskainiko dizkigute zuzenean». Aurreratu dutenez, hamar musikari igoko dira taulagainera, euretako batzuk Euskadiko Orkestra Sinfonikoko eta Musikeneko kideak. «Espero dugu publikoak kontzertu honekin gozatzea, bai eta jaialdiko gainerako taldeen emanaldiekin ere».
EGITARAUA
- Uztailak 12, eguena. Eurkorleans Dixie Band, 19:30ean alde zaharrean kalerik kale. Euskal kanta ezagunak, New Orleanseko estiloan.
- Uztailak 20, barikua. Dr Maha’s Miracle Tonic, 20:00etan Uhagonen. Western swing, rhythm and blues.
- Uztailak 21, zapatua. Charlie Parker with springs, 20:00etan, Uhagonen. Roberto Pachecoren eskutik.
- Uztailak 22, domeka. Maraya Zydeco Trio, 12:30ean, Arkupe aurrean.