Sorgin gaua da zapatukoa [ekainak 23], suak inguru guztiak argitzen dituena. Sua izango da protagonista, bere inguruan dantzatuko baitute sorginek zein herritarrek. Kaleak eta plazak sorginkeriaz betetzeko prest daude bolibartarrak.
Arratsaldean, 16:30ean, txupina jaurtita murgilduko dira jaietan, eta sorginek, jentilek, nekazariek eta bestelako pertsonaia mitologikoek hartuko dute herrigunea. Alabaina, tradizioz beteriko iluntzea iritsi aurretik, Ziortza Bolibarko Hirunakako Briska Txapelketa jokatzeko batuko dira herritarrak.
Iluntzean, beste urte batez, Sorgin Gabak magiaz beteko du herrigunea, eta sorginen eta pertsonaia mitologikoen antzerkia egingo dute herriko plazan. Azken hamar urtean bultzatu den ekimena da, «herri mailan egiten den ekimen parte hartzailea».
[EGITARAUA]
Ohitura den legez, Oiz mendiaren magaletik agertuko dira Mari eta Maju; Urazanditik helduko dira lamiak eta jentilak; Tartalo eta galtzagorriak, berriz, Zubikoitik iritsiko dira; eta Elizpetik hurbilduko dira Akerbeltz eta sorginak.
Antzerkiak ohiko gidoia jarraituko duen arren, pertsonaia berriak sartu dituztela adierazi dute Aranbaltz taldekoek: «Antzezpena urtez urte janzteko asmoagaz, pertsonaia eta ideia gehiago sartzen ditugu antzerkian. Hori horrela, aurten, basajaunaz aparte, basajaun txiki ere edukiko dugu».
[EGITARAUA]
Antzerkia bukatu eta osteko jana dastatu ondoren, kalejiran hurbilduko dira kanposantu ondoko zelaira. Bertan, suaren inguruan Akelarrea egingo dute; sorginek dantza berri bat prestatu dute ekitaldirako. Aurten ere, ez da faltako sorginek egindako edabea, eta hurbiltzen direnek probatu ahal izango dute.
Antzerkiaren prestaketa lanekin hasita daude, eta gaur, herriko armarriekin eta sorginen irudiekin girotiko dute herria: «Herriko armarriekin eta sorginen irudiekin apainduko dugu gaur elizaldea, herria girotzeko asmoagaz egingo ditugu lanok». Zapatuan, baina, girotze lanekin jarraituko dutela jakinarazi dute Aranbaltz kultur elkartekoek, «antzezlanerako dena prest» izan gura dute eta.
[EGITARAUA]
Herri bazkaria. Domekan [ekainak 24], San Joan eguna ospatzeko ekintza ugari dituzte aukeran herritarrek; goizean goizetik hasita egongo dira txistulariak herria kalerik kale girotzen.
Goizetik hasi eta bazkalordura bitartean, herriko hainbat talde eta kuadrilla paellak prestatzen egongo dira herri bazkarirako. 14:30ean izango da bazkaria, eta paellagaz batera, mihia saltsan eta hojaldre tarta dastatuko dituzte bertaratutakoek. 150 pertsona inguru elkartuko direla jakinarazi du gurasoen elkarteak; hala ere, «gehiago izatea posiblea» dela esan dute.
Herri bazkaria prestatu bitartean, herri kirolekin gozatzeko aukera edukiko dute ziortza-bolibartarrek. Izan ere, herri kiroletako hiru txapeldun hurbilduko dira herrira: Jon Gisasola, Ioritz Gisasola eta Karmele Gisasola.
Eta San Joan egunagaz bukatzeko, erromeria egongo da Trikidantz taldeagaz.
[EGITARAUA]
Jaiak ez dira domekan amaituko. Astelehenean [ekainak 25], San JoanTxiki eguna ospatuko dute. Umeen egun handia izango da astelehenekoa, eta nagusiki beraiei bideratutako ekintzak antolatu dituzte.
16:30etik 19:30era bitartean, umeen jokoak izango dituzte plazan; besteak beste, puzgarriak eta egurrezko jokoak. Azken urteetan antolatu dituzte umeen jokoak, eta giro «ederra» egoten dela adierazi dute antolatzaileek. Jarraian, izozkia jango dute, «lehendabizi umeek, eta gero nagusiek».
Ostean, Ni ala Zu antzerkiaz gozatu ahal izango dute herritarrek, eta antzezlanaren amaieran, jaien amaierako txupina jaurtiko dute, «herria kolorez» betetzen duten sanjoanak datorren urtera arte agurtuz.