Ziortza-Bolibarren hasiko da aurten Lea-Artibai Klasikoa martxa zikloturista
Uztailaren 7an zeharkatuko du eskualdea txirrindulari proba herrikoiak. Bi ibilbide egongo dira aukeran: 83 kilometroko motza eta 107 kilometroko luzeaIaz sortu zuten Lea-Artibai Klasikoa martxa zikloturista errepidera aterako da, bigarren urtez, uztai...
Uztailaren 7an zeharkatuko du eskualdea txirrindulari proba herrikoiak. Bi ibilbide egongo dira aukeran: 83 kilometroko motza eta 107 kilometroko luzea
Iaz sortu zuten Lea-Artibai Klasikoa martxa zikloturista errepidera aterako da, bigarren urtez, uztailaren 7an. BTT martxak bai, baina errepideko martxarik ez zegoela eta, izaera herrikoia duen eskualde mailako txirrindu proba bat antolatu zuen Markina-Xemeingo Txirrindulari Elkarteak. Markina-Xemeinen hasi eta amaitu zen iaz martxa, aurten, berriz, Ziortza-Bolibarko Udala lagun, bertan izango ditu irteera eta helmuga.09:00etan irtengo dira txirrindulariak eskualdeko errepideetan zehar pedalkadak ematera. Bi aukera izango dituzte: 83 kilometroko ibilbide motza egitea edo 107 kilometroko luzea osatzea. Antolatzaileek azaldu dutenez, ibilbidea osatuta Ziortza-Bolibarren geratuko dira motzekoak, eta luzea egin nahi dutenek aurrera jarraituko dute beste buelta bat emateko.
Martxa eskualdeko herri guztietatik igarotzea da antolatzaileen asmoa, baina obrak direla eta, oraingoan Etxebarritik ez dirala pasatuko zehaztu dute. «Landagune zein kostako bideetatik ibiliko dira txirrindulariak. Baserri bide ugari igaroko dituzte. Auzotarrei baimen bereziak eskatu dizkiegu horretarako». Izan ere, kirola egin bitartean Lea-Artibaiko inguru ederrak ezagutzera eman eta paisaiez gozatzea da xedea.
Kopuru mugatua
Gehienez 300 txirrindularik parte hartu ahalko dute martxan. «Kalitatezko proba bat izatea nahi dugu, masifikaziorik gabekoa. Iaz eskualdeko jende asko animatu zen parte hartzera, eta aurten ere hala izatea espero dugu».
Martxan parte hartzeko kirolprobak-en webgunean eman behar da izena. Zehaztu dutenez, ez da derrigorrezkoa federatuta egotea. «Federatuta ez daudenei eguneko txartela egiten diegu Trafiko Zuzendaritzaren araudiak eskatu modura».
Errepidea ez da moztuta egongo, eta, beraz, txirrindulariei zirkulazio araudiak errespetatzea eskatu diete, eta egun horretan eskualdean zehar ibiliko diren ibilgailuei, berriz, errespetuz jokatu eta pazientzia izatea.
Martxa berez ez da lehiakorra izango. Hala ere, amaierako zatian kronoigoera bat prestatu dute. «Aulestitik Lekoiz gainerainoko igoera neurtuko dugu, eta sailkapen txiki bat egongo da». Lehen hiru emakume eta hiru gizonezkoek izango dute saria amaieran.
Bestalde, aurten ere gonbidatu berezia edukiko du Lea-Artibai Klasikoak: Amets Txurruka Ansola txirrindulari ohia. 1 zenbakidun dortsala eramango du berriro ere.