Bizkaian aitzindari bihurtu da Lea-Artibai eskualdea materia organikoaren bilketari dagokionez; organiko osoa jasotzen duen
lehen eskualdea da. Hau da, landare jatorriko hondakin organikoez gain, animalia jatorrikoak ere biltzeari ekin diote. Lea-Artibai Amankomunazgoaren ekimenez jarri dute martxan.
Landare eta animalia jatorriko hondakin organikoak gaika bildu eta edukiontzi marroia erabiltzen hasi dira. “Foru ereduari jarraituz, orain arte landare jatorriko organikoa jaso da bakarrik Bizkaian. Mundu mailako adituek diotenez, animalia jatorriko hondakin organikoetatik jasotzen den
konposta hobea da. Azkarrago berotzen da, eta, hortaz, beharrezko tenperatura ere arinago lortzen da. Materia ere askoz higienizatuagoa da, eta salmonella edo E. coli moduko bakterioak hil egiten dira”.
Organikoaren bilketari buruzko informazio saio bat
Eskualdeko
sei herritan —Berriatuan, Etxebarrian, Lekeition, Markina-Xemeinen, Ondarroan eta Ziortza-Bolibarren— jasotzen da materia organikoa. Hilabete gutxi igaro badira ere, amankomunazgoko arduradunak pozik agertu dira emaitzekin. Datu esanguratsuak jaso dituzte, eta organikoaren bilketaren
joera gorakoa dela azpimarratu dute. Lehen hiruhilean, 217 tona organiko jaso dituzte; bigarrenean, berriz, apirila eta maiatza batuta, 154 izan dira.
Amankomunazgoko arduradunek ohartarazi dutenez, herritarren %25ak ez du ezer bereizten
Organikoaren
bilketa egiteko kitak banatu dituzte etxez etxe. Hondakinak biltzeko ontzi txikiak, poltsa konpostagarriak, edukiontziak zabaltzeko txartel magnetikoak eta hondakinak nora bideratu behar diren zehazten duten eskuorriek osatzen dute kita. Era berean, herritarrei bilketa ondo egin ahal izateko hainbat xehetasun ere eman dizkiete.
Kanpainarekin aspaldi hasi baziren ere, oraindik ere badira kita jaso ez duten herritarrak. Azaldu dutenez, herritarren %25ek ez dute ezer bereizten —datua etxe kopuru osoak kontuan hartuta ezarri da, etxe hutsak barne—. “Ondo egiten duena saritu egin beharko genuke, kuota igo gabe, eta bereizten ez duenari zergak igo, Europako ereduari jarraituz”. Kita oraindik jaso ez duenak bere herriko udaletxera jo edo 900-10 48 78 doako telefonora deituta eska dezake.
Organikoa bereizi nahi dutenentzat, gainera,
kita jasotzea behar-beharrezkoa da. Kalean dauden edukiontzi marroiak irekitzen dituen txartel magnetikoa bertan dator. Amankomunazgoak, oraingoz, organikoa biltzeko ezarri du txartela, baina etorkizunean errefusa batzen duen edukiontziari ere ezarri edo ez aztertzen ari dira.
Herritar bat materia organikoa birziklatzen
Kitean banatzen diren
poltsa konpostagarriak eta ontzia erabiltzea gomendatu dute, gainera. “Poltsak ez dira hertsiak, beraz, materiak transpiratzeko aukera du. Banatu ditugun ontziek ere zuloak dituzte, materia organikoak sor dezakeen ura lurruntzeko. Ur hori lurruntzen denean materia sikatu egiten da. Horrenbestez, ez du usainik botatzen. Ontzi itxi bat edo bestelako poltsa bat erabiltzen baldin bada, ostera, hor dagoen ura ez da lurruntzen, eta, materia hori usteltzen denez, kiratsa sortzen du”.
Sei udalerrietako edukiontzietan batzen den guztia, berriz,
Bizkaiko Foru Aldundiko konpostategira bidaltzen dute. Egun, konposta egiten ari dira han; denbora tarte bat behar da organikoa konpost bihurtzeko. “Organikoak hilabete batzuk behar izaten ditu konpost bihurtzeko. Prest dagoenean ekarriko dugu. Horretarako, datozen asteetan zeinek behar duen galdetuko dugu, eta horren arabera ekarriko dugu. Gure asmoa guk egindako konposta udazkenean ekartzea da. Eskualdera ekarriko dugu, jendeak har dezan”.