Markina-Xemeingo Esku Pelota Taldeak Herriarteko txapela jantzi du berriro
Bizkaiko Herriartekoa irabazten duten seigarren aldia da aurtengoa. Euskal Herriko Txapelketa jokatuko dute orain. Txikien mailako Herriarteko txapelketa ere irabazi duteBerriro ere Bizkaiko Herriarteko txapelaren jabe egin da Markina-Xemeingo Esku Pel...
Bizkaiko Herriartekoa irabazten duten seigarren aldia da aurtengoa. Euskal Herriko Txapelketa jokatuko dute orain. Txikien mailako Herriarteko txapelketa ere irabazi dute
Berriro ere Bizkaiko Herriarteko txapelaren jabe egin da Markina-Xemeingo Esku Pelota taldea. Norgehiagoka gogorraren ostean, 1-2 irabazi zioten Amorebieta Etxano taldeari domekan Zornotzan jokatu zen finalean.Pozik dago taldea, eta afizionatu mailan dagoen kluben arteko txapelketa garrantzitsuena irabaztea «gozamen handia» dela azpimarratu du Pello Urionabarrenetxea taldearen entrenatzaileak. Bizkaiko Herriartekoa irabazten duten seigarren aldia izan da aurtengoa.
Urduritasunez betetako finala izan zen domekakoa. Amorebieta-Etxanoko bikotea zaharragoa izanik, aurreikusi modura, kadeteek 22 eta 8 galdu zuten. Gazteek, berriz, 22 eta 9 irabazi zuten. 12-0 jarri ziren aurretik Markina-Xemeingo gazteak, eta abantaila horregaz lasai jokatu zuten Agirreamalloak eta Malasetxebarriak amaierara arte. Nagusien partidua izan zen, beraz, erabakigarria, eta talde bietako pilotariak dena ematera atera ziren.
Markagailua pareko ibili zen momentu askotan. Markina-Xemeingo taldeko Albizu eta Ibarloza irabazten hasi ziren 3-0, baina berehala 7ra berdindu zuten. 14-8 ihes egitea ere lortu zuten, baina akats batzuen ondorioz, Amorebieta-Etxanoko bikoteak berriz 14ko berdinketa lortu zuen. Hala ere, Albizu eta Ibarloza ez zeuden garaipena eskuetatik ihes egiten uzteko prest, eta 18 eta 14 irabazten jarri ziren berriz ere. Hala, apurka-apurka markagailuan gora egin zuten, 22 eta 17 irabaztea lortu zutenera arte.
«Tanto luze eta borrokatuak egon ziren, eta partida luze eta gogorra jokatu zuten bikoteek. Ordubete eta laurden iraun zuen norgehiagokak», zehaztu du Urionabarrenetxeak.
Bizkaiko txapeldunek Euskal Herriko Txapelketa jokatuko dute orain. Nafarroa, Gipuzkoa eta Arabako talderik onenak izango dituzte aurkari. Norgehiagoka zelan jokatuko duten zehaztu barik dago oraindik. Finala, ostera, uztailaren 22an izango da.
Txikien maila
Beste alde batetik, Zaldibarren jokatu zen txikien mailako Herriarteko txapelketa ere irabazi du Markina-Xemeingo Esku Pelota Taldeak. Idigoras eta Calvok jokatu zuten alebin mailan, eta Ibarlozak eta Pascualek txikien mailan. Partidu biak irabazita, 2018ko Bizkaiko Herriarteko Txikiko txapeldunak bihurtu dira.