Mugartegi, laugarren Espainiako Txapelketan
Asteburuan Gijonen lehiatu den Espainiako Txapelketan laugarren postuan gelditu da 400 metro hesietako proban Ainara Mugartegi Solozabal Durango Kirol Taldean ari den markina-xemeindarra.Finalerdia irabazita eta 1.01.96 marka pertsonala eginda sartu ze...
Finalerdia irabazita eta 1.01.96 marka pertsonala eginda sartu zen finalean, eta domina lortzeko aukera handiak bazituen ere, atarian gelditu da.
Urduritasunak eta egokitu zitzaion kaleagaz izandako arazoek ez ziotela nahi bezalako lasterketa egiten utzi azaldu du Juan Ignacio Sanpedro Durango Kirol Taldeko arduradunak. «Beroketak ezin izan zituen ondo egin, eta urduriegi atera zen». Hala ere, lortutako markak oso onak direla nabarmendu du. Mugartegi zapatuan jokatuko den nagusien Espainiako Txapelketara joan litekeela aurreratu dute.
Mugartegigaz batera, Gijonen egon dira bai eta ere Lekeitioko Tximista atletismo taldeko Irati Iriondo Erkiaga eta Aiora Agirregomezkorta Gandiaga. 100 metro eta 200 metroko abiadura probetan parte hartu du Iriondok, eta bietan finalaurrekoetaraino ailegatzea lortu du. 12.51 denbora egin zuen 100 metroetan eta 25.76koa 200 metroetan, eta emaitzekin oso pozik gelditu da. Agirregomezkorta, berriz, 1.500 metroetan lehiatu zen, bigarren finalaurrekoetara helduz. 5.06 denboragaz finalen atarian gelditu zen. «Lasterketa gaitza izan zen arren, ondo ibili zen, bere markaren inguruan», azaldu du Aitor Salio Tximista taldeko arduradunak.
Bestalde, gutxieneko marka lortuta, Mikel Dolaraga Lekeitioko taldeko atleta ere 20 urte azpikoen mailako Espainiako Txapelketa lehiatzekoa zen, baina bezperan gaixorik jarri, eta ezin izan zuen Murtziara joan.