Udala herritarrekin ari da aztertzen Pasealekuko egitasmoa
Jose Maria Gorroño alkateak, proiektuaren arkitektoak eta Pasilekue Bizirik taldekoek bi batzar «positibo» egin dituzte; hirugarrena gaur egingo dute. Lan mahai bat sortuko dutePasealekuko proiektua aztertu asmoz, bi egunetan batzartu dira Pasilekue...
Jose Maria Gorroño alkateak, proiektuaren arkitektoak eta Pasilekue Bizirik taldekoek bi batzar «positibo» egin dituzte; hirugarrena gaur egingo dute. Lan mahai bat sortuko dute
Pasealekuko proiektua aztertu asmoz, bi egunetan batzartu dira Pasilekue Bizirik taldekoak, Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroño eta proiektuaren arkitektoa; ekainaren 19an lehenengo, eta 21ean ondoren. Bilera horiek «oso positiboak» izan direla adierazi dute aldeek, eta bien aldetik borondate ona dagoela jakinarazi dute. Beste bi aldiz batzeko asmoa daukatela iragarri dute; gaur bertan egingo dute hirugarren batzarra.«Bileretan giro ona egon da, eta guztiok hitz egin dugu argi. Proiektu on bat egitea litzateke onena, urteetan iraungo duena eta belaunaldi ezberdinentzat izango dena. Guztiok gara gernikarrak, eta onena nahi dugu herriarentzat», azaldu du alkateak.
Pasealeku proiektuari buruzko parte hartze prozesu bat abiatu zuten duela lau bat urte, eta ondorio batzuk atera zituzten hori eginda. Hala, horiek bermatu nahi ditu Pasilekue Bizirik taldeak, eta baita ere guneak berak daukan izaera. «Ezberdinei eskua luzatu nahi» diete, eta egungo erabilera sustatu, «Pasilekue bizirik» nahi dutelako.
Alkateak, bere aldetik, azaldu du udalak ez diela trabarik jarriko parte hartze prozesuan atera zituzten ondorioei, eta hobetzeko helburuz aldaketarik egin beharko balute egingo luketeela gaineratu du, «betiere, araudia errespetatuz».
Gorroñok argi dauka Pasealekua «leku enblematikoa eta garrantzitsua» dela, baina hondatuta dagoela nabarmendu du.
Proiektuari buruzko infografiak kaleratu ditu udalak oraintsu, eta kezka sortu dute herrian. Herriko alkateak argi utzi nahi izan du Pasealekuko «arbola denak mantenduko» dituztela; «baten bat egoera txarrean ez badago, behintzat». Gainera, udalak zuhaitz horien bizitza bermatu nahi duela azpimarratu du. Jakitera eman du 2018ko aurrekontuan, esaterako, diru sail bat gorde dutela zuhaitz horiek ainguratzeko.
Lurzorua aldatzea ere aurreikusi du udalak: «Erabat hondoratuta dago. Gaur egun, asfaltozkoa da zorua, eta tenperatura altuetan, osasunerako onenak ez diren produktu kimikoak igortzen ditu». Horrenbestez, dagoena kendu eta harri granitikozko zorua jartzea aurreikusi dute, «guztiz horizontala eta desnibel barikoa». Inguruko argiztapena hobetzeko asmoa ere badu udalak, eta sarbidearena zehaztasunez dauka aztertuta.
Infografiak ikusterakoan, Pasilekue Bizirik taldeak ikusi zuen «zentzu batzuetan ez zela bertako eguneroko bizitzagaz bateragarria», eta, horregatik, «udalari eskua luzatzea» erabaki zuten. Orain, baina, «berri onekin» datozela diote; izan ere, «proiektuaren moldaketarako bidean» daude. Moldaketa horietarako, udal ordezkariz, herritarrez eta teknikoz osatutako lan mahai bat sortuko dutela jakinarazi dute. Aldaketa horiek zeintzuk izango diren oraindik landu egin behar dela aipatu dute, baina «herriaren eta Pasealekuaren onerako» izango direla azpimarratu dute. Eta «adostasun hori bermatzeko», egindako moldaketa horiek publiko egiteko asmoa erakutsi dute.
«Ezinegonagaz etorri ginen, baina ikusi dugu ez gaudela elkarrengandik hain urruti. Guk baditugu proposamen batzuk, baina ikusi egin behar dugu ea teknikoki bideragarriak diren». azaldu dute Pasilekue Bizirik taldeko kideek.
Taldekoak batu egin ziren bariku arratsaldean, herriari egindako batzarren berri emateko. Bertan adierazi zutenez, «pozik» daude proiektua «berraztertuko» delako, baita ere hasieratik hartu behar zen «parte hartze bidean» daudelako. Halaber, «gernikarren iritziak eta bere garaian adostutakoa» kontuan hartzen direla ikusteak ere poztu ditu herritarrak.
Borondatea eta hurbilketa badagoela ziurtatuta, orain guztia formulatu beharra dagoela adierazi du Pasealekuko taldeak.
EH Bilduren mezua
EH Bilduk, bere aldetik, herritarrak zoriondu nahi izan ditu, «guztientzako Pasealekuaren defentsan erakutsitako kemenak bere fruituak eman dituelako eta aurreko partaidetza prozesuaren ilusioa bizirik mantendu dutelako».
Alkatearen eta udal gobernuaren «jarrera aldaketaz» ere aritu dira koaliziokideak: «Behingoz, amore eman, eta egitasmoak herriagaz batera burutzeari bidea ireki diote».
Halaber, parte hartze prozesuaren gauzatze fasea «ahalik-eta zabalena eta anitzena» izatea nahi dutela adierazi zute; hartara, «guztion artean guztiontzako Pasilekua egin dezagun».
Azkenik, ekimenean laguntzeko «prestutasun osoa» agertu, eta besteekin batera denen gustuko proiektua eraikitzeko gogoa erkutsi du EH Bilduk.