Jose Angel Lizardi Mutrikuko alkateak eta Elena Cebrian kultura batzordeburuak martitzenean [ekainak 27] aurkeztu zituzten 2018 urteko Malenak iragartzeko kartelak, egileekin batera.
Xabier Isasti getariarraren kartelak iragarriko ditu aurten Mutrikuko jaiak. Diseinu grafikoko ikasketak egin dituen getariarrak
300 euroko saria irabazi du, eta, adierazi duenez, jaietako elementu nagusietako bat islatu nahi izan du kartelean, danborrada; jaien ardatza horixe delakoan. “Horrekin batera, jaien ezaugarri bihurtu den kolore aniztasuna agertu dut, horien artean, herriko banderaren urdina nagusi izanik”.
Ezkerretik eskumara: Elena Cebrian, Xabier Isasti, Nora Beristain eta Jose Angel Lizardi. Argazkia: Mutrikuko Udala
Malenetako Umeen Eguna aurkezteko kartela, berriz,
Nora Beristain donostiarrak egin du. DBH1 ikasketak amaitu berri dituen gaztearen hitzetan Malen jaietako pertsonaia nagusiak batu nahi izan ditu, eta kontserba poto batean sartu. “Buruhandia, danborra, balea… Elementu horiekin batera, jaietako txinpartak eta aparrak ere agertu ditut, jaietako pozaren erakusle”. Gazteen mailako sarituak 100 euroko saria jasoko du.
Kartel lehiaketako irabazleak Arte Eskolako kideek aukeratu dituzte, ohi moduan. Sari banaketari dagokionez, sari banaketa ekitaldia Santixo Egunean (uztailaren 25ean) egingo da. “Egun horretan egingo den Pintura lehiaketaren ekitaldiarekin batera”.