EAJk BUP «Bilbao Bizkaian sartzeko daukan asmoa» salatu du EH Bilduk
Busturialdeko Ur Partzuergoa Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan sartzeko lehen pausoak eman dituzte. Koalizioak bere jarrera berraztertzeko eskatu dio EAJriBusturialdeko Ur Partzuergoko Batzorde Batearazleak Bilbao Bizkaia Ur Partzuegoan sartu nahi duten h...
Busturialdeko Ur Partzuergoa Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan sartzeko lehen pausoak eman dituzte. Koalizioak bere jarrera berraztertzeko eskatu dio EAJri
Busturialdeko Ur Partzuergoko Batzorde Batearazleak Bilbao Bizkaia Ur Partzuegoan sartu nahi duten herriei izapideekin hasteko aukera eman die aste honetan. Horrela, batzordearen gehiengoak Bilbao Bizkaian sartzeko prozesuagaz hastea erabaki du, sei baiezko botogaz eta kontrako bakarragaz (Bermeoko ordezkariarena).Horren aurrean, EH Bilduk salatu du EAJk «Busturialdeko Ur Partzuergoa Bilbao Bizkaian integratzeko asmoa duela», erabaki hori «interes ekonomikoei begiratuta hartu dutelako eta ez herritarren interesei erreparatuta». Hala, EAJri jarrera berraztertzeko eskatu dio EH Bilduk.
Koalizioak azaldu duenez, erabakia Busturialdeko eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoen «estatutuen aurka» doa. Izan ere, horietan zehazten da udalbatzarrei dagokiela integrazioari buruzko erabakiak hartzea. «Gainera, udalen idazkariei dagokie partzuergoari bideratutako udal ondasunen etorkizunari buruzko txostenak plazaratzea».
Horren aurrean, EAJk egoera bortxatu duela esan du EH Bilduk, eta ebazpena txostena aztertzeko «denborarik barik» aurkeztu duela azaldu du.
BUPeko Batzorde Batearazleak uraren kudeaketa erakunde publiko batek burutu behar duela adierazi du; betiere, erakunde horrek beharrezko ahalmen tekniko eta ekonomikoak bermatzen baditu.
Gainera, udalerriak direla ur horniketaren, estolderiaren eta ur zikinen lanketaren arduradunak azaldu du patzuergoko batzordeak. Eta horrek «udalerriei erabakitzeko ahalmena» ematen diela esan du.
Gaur egun, hamasei udalerri daude Busturialdeko Ur Partzuergoan; 44.649 biztanle barneratzen ditu.
BUParen Batzorde Batearazlearen arabera, Busturialdeko Ur Partzuergoak arazo larriak ditu: «Urtero 6 milioi euro inguruko aurrekontua kudeatzen du partzuergoak, eta horietatik %16 bakarrik zuzentzen ditu inbertsioetara».
Baliabide horiek azpiegituren mantenua egiteko eta konponketetarako ez direla «nahikoa» dio batzordeak, «ezta onartzeko dauden eta beharrezkoak diren azpiegiturak ordaintzeko ere».
Arrazoiak
BUP Bilbao Bizkaian sartzeko prozesua arrazoitzeko, lau puntu zehaztu ditu Batzorde Betearazleak.
Horniketan, Urdaibaiko arroan ur emani txikia dagoela egiaztatuta dagoela azaldu du batzordeak, eta eskualdeko mugez kanpoko baliabideak behar dituela gehitu du. Horrek, gainera, ur emariak ez betetzea dakarrela aitortu dute, uraren kostua igoz.
Ur saneamentuari erreparatuta, ur zikinen lanketarako araudia ez betetzeagatik Europako zehapen espedienteari itxaroten daudela azaldu dute. Eta arazo guztiak kontuan hartuta, «hiri planifikazio eza» gertatzen dela azaldu du: «Eskumendun erakundeek edonolako hiri planifikazio berrien aurrean txarrerako informazioa ematen dute, ur baliabide nahikoa ez dauzkagula justifikatuta».
Arazo horien aurrean, egokia ikusten du Busturialdeko Ur Partzuergoko Batzorde Betearazleak Bilbao Bizkaian sartzea, «irabazi asmorik gabeko» erakunde publikoa dela arrazoituta.
Izan ere, batzordearen berbetan, bertan sartzean lortzen diren abantailez gain, elkarrekin lurralde mailako «inbertsioak egiteko aukera» edukiko dute.
EH Bilduren ustez, ostera, integrazioak pribatizazioa «arindu besterik ez luke egingo». Hala, bulegoak eta lanpostuak Busturialdean geratzeko «eredu baten alde» egitea eskatu dio EAJri koalizioak, «Busturialdeko Ur Partzuergoak kudeaketa publikoa %100 bermatu duelako eta bere baliabideekin eta lanpostu publikoekin bideragarria dela frogatu duelako urteen joanean».