Barikuan [ekainak 29] hasiko dira herriko jai nagusiak ospatzen Munitibarren, eta domekara [uztailak 1] arte g
iro jatorragaz gozatuko dute. Jaiak aitzakia hartuta, munitibartarrek aspaldiko kontuak gogoratzeko tartea izango dute datozen egunotan. Jai batzordeko kideek herriko jaien aldeko apustua egin dute, eta horretarako, ekimenez betetako egitaraua prestatu dute. “Herritarrak jaietan gustura egotea da gure lehentasuna”.
[EGITARAUA]
Berritasun modura, sanpedroetan karpa ipiniko dute herriko plazan, euritik babesteko. “San Bizente jaietan ipini genuen karpa estreinako, kontzertuetan eta beste hainbat ekitalditan jendea babesteko. Herritarrak oso gustura geratu ziren, eta, aurten, berritasun modura, San Pedro jaietan ere probatzea erabaki dugu”. San Pedro eguneko adinekoen bazkaria, bestalde, aurten frontoian egin ordez, herriko plazan egingo da, karparen babesean.
Munitibarko San Pedro jaietako herri bazkaria. Argazkia: Gaizka Muñoz
Horrez gain,
txahala erreko da aurten berritasun modura. Haragia egun osoan erretzen egongo dira, goizetik hasita, eta gaur iluntzean plazara hurreratzen denak errazio bat edo beste dastatzeko aukera izango du. Mokadu baten eta bestearen artean Amurriotik datorren Sabin bakarlariaren musikagaz dantzatu ahal izango da; hainbat talderen bertsioak eskainiko ditu, bertan batutakoen gozamenerako.
Sekretupean. Txahala dastatzen hasi aurretik, baina, jaiei hasiera ofiziala emango dien pregoia botatzeko ohorea izango du herriko talde edo norbanako batek. “Azken orduko ezustekoa izaten da beti herritarrentzat. Pregoilaria zein den ondo gordeta egoten den sekretua izaten da”. Pregoia karpan eman ostean, txupina jaurtiko dute karpa ondotik. Jarraian, Munitibarko dantza taldearen emanaldia egongo da. Aurten, berezitasun bezala, lehen ibilitako taldekideek ere parte hartuko dute; guztiek ere
euskal dantzen erakustaldi dotorea eskainiko dute.
[EGITARAUA]
Zapatu [ekainak 30] eguerdiko herri bazkaria, aldiz, jaietako hitzordu garrantzitsuenetako bat izango da. Giro jatorrean, jaietan jende gehien batzen duen ekimena izaten da. Urtero ia
200 lagun batzen dira bazkaritan. “Herritarrak lagun artean edo kuadrillan batzeko eguna izaten da”. Udal ordezkariek gogorarazi dutenez, aurten ere ez da paella txapelketarik egingo. “Kuadrilla bakoitzak bere paella prestatu, eta ostean, herri bazkaritan jango da”. Bazkalostea, aldiz, Mexikortxo talde nafarrak girotuko du. Ikutu mexikarra duten rantxerekin eta doinu mexikarrekin alaituko dute karpa kortxo erreagaz margotutako bibotedun musikariek.
Era berean,
herriko umeek ere euren txokoa izango dute San Pedro egunaren biharamunean. Puzgarriak, jolasak eta apar jaia edukiko dituzte aukeran. Zapatuko iluntzea, bestalde, Orkresta elektrotxarangak alaituko du. “Iaz ere talde bera egon zen jaietan, eta izandako arrakasta kontuan hartuta, aurten ere talde bera gonbidatzea erabaki dugu”. Gaua Anita Parker taldearen elektroswing doinuekin amaituko dute. Jaiak agurtzeko, San Pedro Txapelketaren finalak jokatuko dira frontoian.
[EGITARAUA]