Mutrikuko Talaixa Triatloi Klubak antolatuta, Mutrikuko V. Esprint Triatloia egingo da zapatuan [ekainak 30]. Bertan,
200 triatletek parte hartuko dute, eta horien artean izango dira Natalie Coevorden australiarra eta Daniel Hoy zeelandaberritarra.
Coervorden mundu mailako sailkapen orokorrean 20. postuan dago, eta Coervorden, berriz, 61. postuan. Talaixakoek azpimarratu dutenez, nazioarte mailako parte hartzaile ezagunak esprint distantziako kirol proban izatea
pozgarria da. “Guretzako ezusteko handia izan da. Ezin sinestuta gabiltza”.
Probari dagokionez, bestalde, aurten
aldaketa nabarmena izango du bizikletako ibilbideak. Antolatzaileek azaldu dutenez, “zirkulazio kontuagatik” egin behar dute aldaketa. “Ez dugu baimenik lortu proba kostaldeko bidetik egiteko. Hori dela eta, ibilbidearen zatitirik gehiena bigarren mailako errepideetatik igaroko da”.
Mutrikuko Esprint Triatloia. Argazkia: Bittor Mutiozabal
Parte hartzaileek portutik irtengo dute, eta handik Olatz aldera abiatuko dira. Ibiri aldetik igaro beharko dute, eta handik, Galbaixo aldera joango dira. Galbaixo jaitsi eta Astigarribiara abiatuko dira triatletak, eta han buelta eman ondoren, Galbaixo igo eta jaitsita amaituko da proba, portuan. Ibilbide aldaketak parte hartzaileentzako lehia gehituko duela uste dute antolatzaileek. “
Proba oso zorrotza izango da, oso teknikoa. Eta mendian ondo ibiltzen direnentzat aukera izango dela deritzogu”.
Proba egiten den bitartean
errepidea itxita egongo dela ere gogorarazi dute antolatzaileek. “Ordubete inguruko kontua izango dela kalkulatzen dugu. Gure aldetik, pazientzia eskatu nahi diegu bertatik pasa behar diren gidariei”.
Parte hartzaileek ibilbide gogor bati egin beharko diote aurre bizikleta gainean, Galbaixo gaina tartean
Probak, bestalde, uztailaren 7an Mutrikuko Saturraran hondartzatik abiatuko den
Marea Urdina itsas zeharkaldi solidarioari keinu berezia egingo dio. “Dortsal guztiek Marea Urdinaren logoa eramango dute. Marea Urdineko kideak, gainera, informazioa banatzen ibiliko dira portu inguruetan”.
Proba 17:00etan hasiko da, eta parte hartzaileek
750 metro igeri, 17,6 bizikletaz eta 5 kilometro korrika egin beharko dituzte. Mutrikuko igerilekuaren aurrean uretara dzanga egiten lehenengoak emakumeak izango dira, eta handik ordu laurdenera gizonen txanda izango da. Lehen saioa bete ondoren, eta trantzisioa egin eta gero, bigarren atalari ekingo diote triatletek. “Atal honetan parte hartzaileek ibilbide gogor bati egin beharko diote aurre bizikleta gainean, Galbaixo gaina tartean”.
Bukatzeko, 2,5 kilometroko zirkuituari
bi bira eman beharko diote Mutrikuko portu inguruko kaleetatik zehar; guztira 5 kilometroko lasterketa osatu beharko dute triatletek. Antolatzaileek gogorarai dutenez, euren helburua parte hartzaileek zein ikusleek probaz gozatzea da.
Esprint distantziako nagusien triatloiaz gain,
gaztetxoen duatloia egingo da goizean. 11:00etan hasita, 8 eta 12 urte bitarteko gaztetxoek (LH3-LH6) parte hartu ahal izango dute bertan. Proba portuan eta hondartza inguruan gauzatuko dela aurreratu dute Talaixakoek, eta parte hartzaileek korrika eta bizikletaz adinari egokitutako zirkuitua bete beharko dutela azaldu dute. “Nahi duenak parte hartzeko aukera izango du; bertan momentuan izena emateko aukera egongo da. Parte hartzaile guztientzako opariak egongo dira gainera”.