V. Xemeingo Gaua gonbidatu bereziekin lagunduta dator
Bilboko Orkestra Sinfonikoak eta Kirmen Uribe idazle ondarrutarrak parte hartuko dute Xemein Abesbatzak antolatu duen emanaldi berezianV. Xemeingo Gaua eskainiko du Markina-Xemeingo Xemein Abesbatzak bihar, 22:00etan, Xemeingo parrokian. Maila goreneko...
Bilboko Orkestra Sinfonikoak eta Kirmen Uribe idazle ondarrutarrak parte hartuko dute Xemein Abesbatzak antolatu duen emanaldi berezian
V. Xemeingo Gaua eskainiko du Markina-Xemeingo Xemein Abesbatzak bihar, 22:00etan, Xemeingo parrokian. Maila goreneko gonbidatuak izango dituzte aurten ondoan: Bilboko Orkestra Sinfonikoa eta Kirmen Uribe idazle ondarrutarra. Kontzertu sinfoniko-koral bat eskaintzea dute aurtengo helburua, egitarau oparo bezain ederragaz.Emanaldia hiru ataletan banatuko dela aurreratu dute, «estilo eta garai ezberdinetako musika eta poesia uztartuz». Musika klasikoak Bach, Madina eta Verdi… eta euskal kantautoreen obrek Mendibil, Lertxundi eta Laboa… osatuko dute errepertorioa, eta Kirmen Uribek atalak josiko ditu bere poemen bitartez. Guztiak zuzentzen Maite Aurrekoetxea Bilboko Juan Crisostomo de Arriaga Musika Kontserbatorioko zuzendaria ariko da.
Ilusio handiagaz
Karmen jaietako asteburuan antolatzen du emanaldia urte bitik behin Xemein Abesbatzak, baina, aurten, Bilboko Orkestra Sinfonikoaren datekin bat egin ahal izateko aurreratu egin dute emanaldia.
Xemein Abesbetzako kideak ilusio handiagaz daude, eta Bilboko Orkestra Sinfonikoagaz Markina-Xemeinen bertan abestu ahal izatea ohore bat dela adierazi dute. «Markina-Xemeingo herriari eta hurbilduko diren guztiei musikaz gozatzeko aukera emango dien kontzertu hunkigarri bezain ederra eskaini nahi diegu. Kontuan izanik Orkestra sinfonikoaren emanaldiak gure eskualdean urriak izaten direla, eskualdeko jendearen harrera ona izango dugula uste dugu».
V. Xemeingo Gauan Kirmen Uribe idazle ondarrutarra ere eurekin egotea nahi zuten. Bere ibilbide profesionalean jasotzen ari den onespena, atzerrian ez ezik, etxean bertan ere baloratu nahi izan dutela azaldu dute. «Euskal literatura eta poesiagintzako erreferente nagusi hau gugaz edukitzea ohore bat izanik, bere lana hurbilduko diren ikusleengana helaraztea izan da gure helburuetako bat».
V. Xemeingo Gauaz gozatu nahi dutenek Markina-Xemeingo Miren lore ile apaindegian, Zeharka tabernan, Tate Gozotegian eta Kareaga Jostailuetan eskuratu ditzakete sarrerak. Hala eta guztiz ere, azken momentukoek kontzertuaren sarreran bertan ere lortu ahal izango dituztela jakinarazi dute.