Berriatua, sanpedroetan sartuta
San Pedro Txiki egunagaz hasi dira jaiak Berriatuan. Atzokoa pasata eta iazkoari jarraituta, adin guztientzako ekintzak izango dira protagonista datozen egunetan.Herritarrek herritarrentzako prestatutako jaiak. Horrelakoxeak dira Berriatuko San Pedro j...
San Pedro Txiki egunagaz hasi dira jaiak Berriatuan. Atzokoa pasata eta iazkoari jarraituta, adin guztientzako ekintzak izango dira protagonista datozen egunetan.
Herritarrek herritarrentzako prestatutako jaiak. Horrelakoxeak dira Berriatuko San Pedro jaiak. Atzo hasita, ekintzak uztailaren 8ra arte luzatuko dira. Iazko jaietan egin legez, aurten ere adin guztientzako jaiak prestatu dituzte.Atzo, esaterako, San Pedro bezpera eta San Pedro Txiki eguna ospatu zituzten. «Txikien eguna aurreratu egin genuen, Ondarroako Zapato Azulagaz bat ez egiteko». Hala, herriko umeak izan ziren atzokoan protagonista.
Goizean jolasetan ibili eta gero, herriko txikienek herri bazkaria egin zuten. Iaz eguraldi txarra egin zuen, eta bazkaria frontoian egin behar izan zuten. Aurten, baina, plazako arkupean egin dute bazkaria. Eta urtero modura, Anaitasuna jubilatuen elkartekoak izan ziren zerbitzariak. Jakitera eman dutenez, 50 ume inguru batu ziren bazkaltzen.
Bazkalostean ere giroa izan zen nagusi plazan; umeek eta gaztetxoek ondo baino hobeto pasatu zuten puzgarrietan, ohe elastikoetan eta bits festan. Egunagaz amaitzeko, txokolate jana eta D’Caprichoren kontzertua egon ziren.
Pilota partiduak, gaur
Gaurkoan kirola eta antzerkia izango dira protagonista. Alde batetik, Markina-Xemein Esku Pelota taldearen eskutik, txikien, gazteen eta nagusien partiduak egongo dira ikusgai. Eta, iluntzean, ATX Teatroaren Kale gorrian kale antzerkiagaz gozatu ahal izango da. Emanaldia adin guztietako herritarrei zuzenduta dagoela aurreratu dute. «Ikuskizunak etxe barik geratzekotan dagoen aitona-amona bikote baten gorabeherak kontatzen ditu. Protagonistak berrogei urtez bizi izan dira etxe horretan, auzo horretan, eta ezkondu ondoren erosi zuten pisua betirako uzteko unea iritsi den eguna irudikatuko dute».
Lagun arteko triatloiak eta kuadrillen arteko entsalada eta tortilla txapelketak girotuko du biharko eguna. Horretan ere nahikoa herritar biltzen direla aurreratu dute. «Ondarroan Zapato Azule denez, askok berton bazkaldu eta ondoko herrira joateko aprobetxatzen dute», azaldu dute.
Adinekoek ere euren eguna edukiko dute, betiko legez, domekan. Egun horretan Anaitasuna herriko jubilatuen elkartekoak izango dira eguneko protagonista nagusiak.
Jaietan egun guztiak izango dira bereziak, eta azkena eguna ere ez da gutxiago izango. Hala, zesta-puntak Berriatuan daukan indarraren erakusle izango da egun hori. Egun horretan Mendibarren frontoia izango da plaza nagusia.