BUPeko langileek euren protesta eraman dute Lumoko osoko bilkurara
Busturialdeko Ur Partzuergoko langileek informazio falta salatu dute, euren egoeragatik kezkatuta. LGTBI+ eta La Manadaren sententziari buruzko adierazpen insituzionalak irakurri dituzteGernika-Lumoko udalbatzak urteroko osoko bilkura egin zuen hereneg...
Busturialdeko Ur Partzuergoko langileek informazio falta salatu dute, euren egoeragatik kezkatuta. LGTBI+ eta La Manadaren sententziari buruzko adierazpen insituzionalak irakurri dituzte
Gernika-Lumoko udalbatzak urteroko osoko bilkura egin zuen herenegun iluntzean, Lumon. Busturialdeko Ur Partzuergoko langileek euren protesta eraman zuten bertara, eta «informazio falta» salatu zuten.Euren etorkizun hurbilari buruz kezkatuta daudela esan zuten udal gobernuaren aurrean, eta horren errudunak Gorroño eta EAJ direla adierazi zuten. «Busturialdeko Ur Partzuergoaren kontrako erabakia hartu duzue, eta langileok gure kezka larria adierazi nahi dizuegu».
Horrela, oraindik ez dakitela integrazioren zergaitia aitortu zuten; ezta ere zein egoeratan egongo diren langileak Bilbao Bizkaia Partzuergoan. Lanpostuak zelakoak eta noiz artekoak izango diren ere ez zekitela gehitu zuten.
Horren aurrean, Jose Maria Gorroñok beharrezko dokumentuak dituenean informazioa emango diela adierazi zuen, bai eta ere integrazioa burutzekotan, erabateko integrazioa izango dela, eta ez partziala.
Gorroñok bi bileratan egon dela adierazi zuen, eta langileen egoera hobetzearen alde egingo duela. EH Bilduren eta EAJren zinegotzien artean eztabaida sortu zen, euren arteko iritzi kontrajarriak direla eta.
Adierazpen instituzionalak
Atzo sexu askapenerako eguna zela aprobetxatuta, LGTBI+ pertsonen eskubideen alde egin zuten osoko bilkuran. Horren harira, adierazpen instituzionala irakurri eta politiketan sexu aniz- tasuneko eta genero identitateko ikuspegia sartzeko asmoa erakutsi zuten alderdiek.
Beste alde batetik, La Manadako bost kideen askatasunaren sententziaren aurkako adierazpena ere irakurri zuten, eta Kanariar Uharteetan gertatutako bortxaketa salatu zuten.
Besteak beste, kontratu legearen garapena eta gardentasuna aztertzeko batzorde informatzailea sortu zuen eguaztenean udalak.
Batzorde berezia dela esan zuten, eta sortzeko gaiak adostu edota erabakitzen direnean desagertu egingo dela gehitu zuten. 11 aldeko botogaz eta sei abstentziogaz onartu zen.