Jai ederrak inguru paregabean
San Pedro jaiei hasiera emateko prest daude Markina-Xemeingo Barinaga eta Ziortza-Bolibarko Arta auzoetan. Ekitaldiz bete dute asteburua, nahi duten guztiek auzoak bisitatu eta jaiekin gozatu ahal izateko.Ate joka daude San Pedro jaiak Barinaga eta Art...
San Pedro jaiei hasiera emateko prest daude Markina-Xemeingo Barinaga eta Ziortza-Bolibarko Arta auzoetan. Ekitaldiz bete dute asteburua, nahi duten guztiek auzoak bisitatu eta jaiekin gozatu ahal izateko.
Ate joka daude San Pedro jaiak Barinaga eta Arta auzoetan. Ekitaldiz bete dute asteburua aurten ere, auzotarrek eta auzo giro ederragaz gozatu nahi duten bisitari guztiek ondo baino hobeto pasatzeko.Barinagarrak izango dira jaiei hasiera ematen lehenengoak. Gaur bertan meza edukiko dute San Pedro elizan, eta mokadutxoa hartzeko batuko dira ondoren.
Udako jaiak izanik, Buztinegi aisialdi gunea izango da beste behin ere, jaiaren muina. Urte osoan, astero-astero, lantaldeetan banatuta, Iturritxu Elkarteko kideek belarra moztu eta atontzen dute gunea, eta jaietarako ere txukun-txukun prestatzen ibili dira.
Gaztetxoen arteko pilota partiduak, idi probak eta bola txapelketa jokatuko dira bertan. Gaur bertan zabalduko dute bolatokia, eta iaz estreinatutako Bola Txapelketaren bigarren norgehiagoka jokatuko da. Hiru sari banatuko dituzte: irabazleak 60 euro eta txapela eramango ditu, bigarrenak 40 euro eta gazta eta hirugarrenak 20 euro eta kopeta pastela.
Musikak ere izango du tartea jaietan; Zaloa eta Mirari trikitilarien kantaldiak alaituko du auzoa gaur iluntzean.
Bihar, berriz, mahaiaren inguruan bilduko dira barinagarrak, baina bazkalorduko erabaki beharko dute nor den aurtengo Txapel Jaurtiketa Txapelketaren irabazlea. Jolasak izango dituzte mahaian jarri orduko.
Idi dema ere hartuko du aurten Barinagako probalekuak. Hiru idi bikotek lehiatuko dute zeinek untza gehiago egin: Elgoibarko Soarteren animaliak, Eibarko Altzubarrenen idi bikoteak eta Orioko Olidenen idiek.
Umeek ere edukiko dute non ondo pasatu, puzgarriak edukiko dituzte arratsaldean, gustura jostatzeko.
Ermitaren bueltan
Bihar arratsaldeko briska txapelketagaz hasiko dira San Pedro jaiak ospatzen Artan. Sari politak izango dituzte lehenengo gelditzen diren laurek. Bertoko produktuen sorta eta 100 euroko diru saria lortuko ditu irabazleak, bertoko produktuen sorta eta 80 euro bigarrenak, 60 euro eramango ditu hirugarrenak eta 40 euro laugarrenak.
Jokoan nahikoa eginda eta eguna giro onean amaitzeko, auzo afaria edukiko dute ondoren. Urtero modura, ogi laban erretako oilaskoak izango dira plater nagusia, horiei laguntzeko entsalada ederrak eta patatak edukiko dituzte, eta postrerako fruta. Kontu kontari jarduteko aprobetxatuko dute auzotarrek afaria, eta nahi duenak ordu txikiak arte luzatu ahalko du jarduna. Orain arte bertso afaria egin izan dute, baina auzokoak besterik joaten ez direla eta, auzo afariagatik ordezkatzea erabaki dute aurten. Urtero 35 auzotar inguru batu ohi dira afaritan, bertan bizi direnak bai eta sanpedroetako giro onak tenk eginda jaira hurreratzen diren familiartekoak ere.
Lekua ez dute aldatuko, San Pedroren omenezko ermitan izango da afaria, betiko legez. Izan ere, hamalau baserriko auzune ederraren muino txiki baten gainean dagoen ermita izaten da urtero, jaietako bilgunea. Eliz giro, afari zein jokorako txokoa izaten da.
Domekan, 08:00etan entzungo da lehen bolanderaren danbada, eta horregaz batera hasiko dira auzotarrak ermita mezarako atontzen. Aurreko gauekoak jaso eta garbitu ondoren, lorekin apainduko dute, dotore, ospakizunekin jarraitzeko.
Meza ostean egingo dute dantzan Markina-Xemeingo Zerutxu dantza taldeko neska-mutilek, eta, ondoren, bertso saioa egongo da. Ermita ondoko frontoian jarriko duten agertokira igoko dira aurten Sebastian Lizaso, Andoni Egaña, Mikel Mendizabal eta Bitorio Zelaia.
Bazkarirako atsedenaldia hartuta, arratsaldean jarraituko du jaiak umeen jolasekin, eta egun osoko giroa alaitzen ariko diren Laja eta Lutxurdio trikitilariek umeen aisialdiari ukitu berezia emango diete. «Umeen jolasak ere girotzen dituzte eta jendea oso gustura egoten da», nabarmendu dute. Hori dela eta, errepikatzea erabaki dute, eta aurtengo jaietan ere Artako sanpedroetan egongo dira.
Auzotarrek aitatu dutenez, datorren urtera begira bolatokia berpiztu nahi dute. «Ermitaren atzeko partean eduki zuen txokoa berreskuratu nahi dugu». Hala, 2019an bola txapelketa «mundiala» antolatzea dute helburua.