Munitibar eta Mutriku, sanpedroetarako prest
San Pedro jaiak lehertzear daude. Munitibarren gaur hasiko dira herriko jai nagusiak ospatzen, eta domekara arte giro jatorragaz gozatuko dute. Mutrikun, bestalde, arrantzaleen patroi nagusiaren omenezko jaia egingo dute moila inguruan.San Pedro jaiak ...
San Pedro jaiak lehertzear daude. Munitibarren gaur hasiko dira herriko jai nagusiak ospatzen, eta domekara arte giro jatorragaz gozatuko dute. Mutrikun, bestalde, arrantzaleen patroi nagusiaren omenezko jaia egingo dute moila inguruan.
San Pedro jaiak aitzakia hartuta, munitibartarrek eta mutrikuarrek batu, eta aspaldiko kontuak gogoratzeko tartea izango dute datozen egunotan.Munitibarren, herriko festa nagusiak ospatuko dituzte gaur hasi eta domekara bitartean. Jai batzordeko kideek herriko jaien aldeko apustua egin dute, eta horretarako, ekimenez betetako egitaraua prestatu dute. «Herritarrak jaietan gustura egotea da gure lehentasuna».
Berritasun modura, sanpedroetan karpa ipiniko dute herriko plazan, euritik babesteko. «San Bizente jaietan ipini genuen karpa estreinako, kontzertuetan eta beste hainbat ekitalditan jendea babesteko. Herritarrak oso gustura geratu ziren, eta, aurten, berritasun modura, San Pedro jaietan ere probatzea erabaki dugu». San Pedro eguneko adinekoen bazkaria, bestalde, aurten frontoian egin ordez, herriko plazan egingo da, karparen babesean.
Horrez gain, txahala erreko da aurten berritasun modura. Haragia egun osoan erretzen egongo dira, goizetik hasita, eta gaur iluntzean plazara hurreratzen denak errazio bat edo beste dastatzeko aukera izango du. Mokadu baten eta bestearen artean Amurriotik datorren Sabin bakarlariaren musikagaz dantzatu ahal izango da; hainbat talderen bertsioak eskainiko ditu, bertan batutakoen gozamenerako.
Sekretupean
Txahala dastatzen hasi aurretik, baina, jaiei hasiera ofiziala emango dien pregoia botatzeko ohorea izango du herriko talde edo norbanako batek. «Azken orduko ezustekoa izaten da beti herritarrentzat. Pregoilaria zein den ondo gordeta egoten den sekretua izaten da». Pregoia karpan eman ostean, txupina jaurtiko dute karpa ondotik. Jarraian, Munitibarko dantza taldearen emanaldia egongo da. Aurten, berezitasun bezala, lehen ibilitako taldekideek ere parte hartuko dute; guztiek ere euskal dantzen erakustaldi dotorea eskainiko dute.
Bihar eguerdiko herri bazkaria, aldiz, jaietako hitzordu garrantzitsuenetako bat izango da. Giro jatorrean, jaietan jende gehien batzen duen ekimena izaten da. Urtero ia 200 lagun batzen dira bazkaritan. «Herritarrak lagun artean edo kuadrillan batzeko eguna izaten da». Udal ordezkariek gogorarazi dutenez, aurten ere ez da paella txapelketarik egingo. «Kuadrilla bakoitzak bere paella prestatu, eta ostean, herri bazkaritan jango da».
Bazkalostea, aldiz, Mexikortxo talde nafarrak girotuko du. Ikutu mexikarra duten rantxerekin eta doinu mexikarrekin alaituko dute karpa kortxo erreagaz margotutako bibotedun musikariek.
Era berean, herriko umeek ere euren txokoa izango dute San Pedro egunaren biharamunean. Puzgarriak, jolasak eta apar jaia edukiko dituzte aukeran.
Biharko iluntzea, bestalde, Orkresta elektrotxarangak alaituko du. «Iaz ere talde bera egon zen jaietan, eta izandako arrakasta kontuan hartuta, aurten ere talde bera gonbidatzea erabaki dugu». Gaua Anita Parker taldearen elektroswing doinuekin amaituko dute. Jaiak agurtzeko, San Pedro Txapelketaren finalak jokatuko dira frontoian.
Artisauen lanak
Jaien barruan, gainera, herriko artisauek euren lanak erakutsiko dituzte jendaurrean. Aurten, lau sortzaileren lanak egongo dira ikusgai. Jesus Belaustegik egindako zeramika lanak, Pascual del Rioren margo errealistak, Jose Karmelo Goikoetxearen margoak eta Txus Cuende gerrikaiztarraren lanak egongo dira ikusgai gaurtik domekara bitartean, herriko liburutegian.
Mutrikun, aldiz, aintzinako ohiturak gogora ekarriko dituzte, arrantzaleen mahonezko erropak soinean dituztela. Gaur eta bihar, moila sanpedroetako bilgune nagusi bihurtuko da. Herri bazkaria eta itsasoan galdutako arrantzaleak gogoratuko dituzte; hori guztia, musikarekin ondo girotutako jaietan.