Nazioarteko triatletek parte hartuko dute bihar, Mutrikun
Talaixa Triatloi Klubak antolatuta, Mutrikuko V. Esprint Triatloia egingo da bihar. Bertan, 200 triatletek parte hartuko dute, eta horien artean izango dira Natalie Coevorden australiarra eta Daniel Hoy zeelandaberritarra. Talaixakoek azpimarratu duten...
Probari dagokionez, bestalde, aurten aldaketa nabarmena izango du bizikletako ibilbideak. Parte hartzaileek portutik irtengo dute, eta handik Olatz aldera abiatuko dira. Ibiri aldetik igaro beharko dute, eta handik, Galbaixo aldera joango dira. Galbaixo jaitsi eta Astigarribiara abiatuko dira triatletak, eta han buelta eman ondoren, Galbaixo igo eta jaitsita amaituko da proba, portuan. Ibilbide aldaketak parte hartzaileentzako lehia gehituko duela uste dute antolatzaileek.
Probak, bestalde, Marea Urdinari keinu berezia egingo dio. «Dortsal guztiek Marea Urdinaren logoa eramango dute».
Proba 17:00etan hasiko da, eta parte hartzaileek 750 metro igeri, 17,6 bizikletaz eta 5 kilometro korrika egin beharko dituzte. Mutrikuko igerilekuaren aurrean uretara dzanga egiten lehenengoak emakumeak izango dira, eta handik ordu laurdenera gizonen txanda izango da.
Esprint distantziako nagusien triatloiaz gain, gaztetxoen duatloia egingo da. 11:00etan hasita, 8 eta 12 urte bitarteko gaztetxoek parte hartu ahal izango dute bertan. Proba portuan eta hondartza inguruan gauzatuko dela aurreratu dute Talaixakoek, eta parte hartzaileek korrika eta bizikletaz adinari egokitutako zirkuitua bete beharko dutela azaldu dute.