Mutrikuko Talaixa Triatloi Klubak antolatutako proba arrakastatsua izan zen. Proba zapatu [ekainak 30] arratsaldean ospatu zen, eta 750 metro igeri, 17,6 kilometro bizikletaz eta 5 kilometro korrika egiten lehena Daniel Hoy zeelandaberritarra izan zen. Proba amaitzeko 1.03.48 behar izan zuen. Emakumezkoetan, aldiz, Natalie Van Coevorden izan zen azkarrena. 1.14.05 behar izan zuen proba amaitzeko. Irabazleek
nagusitasun osoz irabazi zuten kirol proba.
Sailkapen nagusiari dagokionez, Javier Goitia (1.06.11) eta Javier Tijero (1.06.15) izan ziren, hurrenez hurren, bigarren eta hirugarren, gizonezkoetan. Emakumezkoetan, berriz, Estefania Gomez (1.18.25) eta Aitziber Urkiola (1.20.26) izan ziren, hurrenez hurren, bigarren eta hirugarren.
Amandarri taldeko kideak, podiumean. Argazkia: Amandarri
Taldekako sailkapenari dagokionez,
Amandarri talde lekeitiarra eta Saltoki izan ziren onenak, hurrenez hurren, gizonezkoetan eta emakumezkoetan.
Proban izena eman zuten
200 triatletatik 154 kirolarik amaitu zuten. Lea-Artibai eskualdeko hainbat triatletek parte hartu zuten bertan, eta horietatik azkarrena Haritz Garate Amandarri taldeko lekeitiarra izan zen. Garatek bosgarren amaitu zuen sailkapen orokorrean, 1.07.14 denborarekin.
Zorion Kareaga Alarabi taldeko markina-xemeindarrak ere proba ezinhobea egin zuen. Sailkapen orokorrean 11. postuan amaitu zuen (1.09.38), eta bere kategorian podiuma lortu zuen; hirugarrena izan zen beteranoak 1 kategorian. Lekeitioko Garraitz taldeko Aritz Iriondo, berriz, kadete mailako bigarren sailkatua izan zen. 1.18.51 denbora behar izan zuen proba amaitzeko, eta 53. postuan amaitu zuen sailkapen orokorrean.
Mutriku triatloia, podiuma. Argazkia: Iñigo Mujika
Euri asko. Kirolariak proba egiten ari ziren bitartean, berriz, euri zaparrada mardulak bota zituen; hala ere, giro ederra egon zen. Kirol probari dagokionez, dena ondo joan zela adierazi dute antolatzaileek. “Ibilbide berria gogorra eta polita dela aipatu digute parte hartzaileek”.
Antolatzaileek azaldu dutenez,
euriak nahikoa baldintzatu zuen proba. “Triatleten gehiengoa txirrindularitzako proba egiten hasi zela hasi zuen euria. Asko Galbaixo eta Astigarribia arteko tartea egiten ari ziren”.
Gaineratu dutenez,
euriak arriskua nabarmen gehitu zuen, eta hori dela eta, istripu bat edo beste ere egon zen. “Guztira lau erorketa egon ziren: Mutrikuko biribilgunean bi, Olabarrietan beste bat eta Burumendiko tunelean azkena. Kasu horretan, txirrindulari bat bestearen kontra amildu zen”.
Antolatzaileek, azkenik, triatloian lagundu duten boluntarioen lana azpimarratu nahi izan dute. “Gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu. Eurek ere triatloiaren parte dira”.