Azula bezain jendetsua
Arrakastaz ospatu da Radixu irrati libreak antolatutako Zapato Azule. Manuel Eluren bolanderekin hasi eta ordu txikiak arte luzatu da jaiaJendetsua izan da aurten ere Radixu Irratiak antolatutako Zapato Azule; eguerdi partean, Kalekutze ingurutik hasit...
Arrakastaz ospatu da Radixu irrati libreak antolatutako Zapato Azule. Manuel Eluren bolanderekin hasi eta ordu txikiak arte luzatu da jaia
Jendetsua izan da aurten ere Radixu Irratiak antolatutako Zapato Azule; eguerdi partean, Kalekutze ingurutik hasita, Erribera kale osoa alde batera eta Nasa eta Kantoipe inguruak bestera bete zituen marea urdinak, jairako gogoz. Dantzan, kantuan eta umore onagaz jarraitu zituzten Alai parean batutako guztiek Radixu Irratikoek antolatutako ekimenak eta Nekane Akarregik tabernako balkoitik emandako agindu guztiak.Euskal Herriko Kamiseta Azoka ireki, eta Manuel Eluren ahozko bolanderekin hasi zuten jaia Ondarroan. Ordurako, baina, bidean zetozen Dinamartxako partaideak. 74k mendiz mendi eta 200 inguruk bizikletan egin zuten Tolosa eta Ondarroa arteko ibilbidea, Dina Bilbao triatleta ondarrutarraren omenez. Eguerdian ailegatu ziren guztiak Alai parera, eta jendez betetako kalea zeharkatu zuten irrintzi, txalo zaparrada, animo eta Txapeldunak kantu artean.
Txistulariek lehenengo eta Kresalako bandak eta Artelango erraldoiek ondoren animatu zuten giroa, eta Dinamartxa bien ailegaeragaz oraindik gorago egin zuen jaiak. Ondo pasatu arren, falta direnak gogoan hartuta, elkarretaratzea egin zuten ohi legez Kalekutzean, eta aurten berriro herrian daudenei ongietorria eman zieten.
Iñigo Zabala, omendua
Urtero, Zapato Azulean, omenaldi bat egiten dio bateren bati Radixuk. «Aurten, Iñigo Zabala Arrizabalaga Zapato Azuleko sortzaileetako bat, urteroko Zapato Azuleko kartelen egile, asmatzaile, sortzaile eta bazilaten famau» aukeratu zutela esan zuen ozen mikrofonotik Akarregik. Ezustekoa eraman zuen Zabalak, Dinamartxatik heldu berri, Alaiko balkoira igo zen Andu eta Gari semeekin batera, jendearen txalo zaparrada jasotzera. Amari eskaini zion aitortza.
Zabalak eman zituen Euskal Herriko 21. Kamiseta Azokako sariak. 21 erakusmahai egon ziren Latxanbre plazan: 14 Euskal Herri mailakoak eta 6 ondarrutarrak. Euskal Herriko kamiseta onenaren saria Sara-Itsasuko Ez Kexa lapurtarrek eraman zuten, eta Ondarroako saria, Danak Etxea! taldeak. Horrez gain, erakusleiho onenari ere saria eman zioten. Irabazlea Klik-Klak-eko Yolanda Eizagirre izan zen.