«Guardia Zibilak EHtik kanpora» nahi dituztela aldarrikatu dute
Merkuriotik hasita Guardia Zibilaren kuarteleraino joan dira. Gernika-Lumoko herritarrez gain, beste hainbat herritakoek ere «alde hemendik» aldarrikatu duteEuripean, indar okupatzaileak Euskal Herritik «kanpora» joatea nahi dutela aldarrikatu zute...
Merkuriotik hasita Guardia Zibilaren kuarteleraino joan dira. Gernika-Lumoko herritarrez gain, beste hainbat herritakoek ere «alde hemendik» aldarrikatu dute
Euripean, indar okupatzaileak Euskal Herritik «kanpora» joatea nahi dutela aldarrikatu zuten zapatuan, Gernika-Lumon. Merkurion hasi eta Guardia Zibilaren kuarteleraino joan ziren manifestazioan hainbat herritar. Musikaz lagunduta egin zuten bidea, eta aldarriek ere izan zuten tokia zapatuko mobilizazioan. Era batean edo bestean esanda, «Guardia Zibilak Euskal Herritik kanpora» nahi dituztela esan zuten ozen. Behin kuartelera iritsitakoan, ekitalditxoa egin zuten.Altsasuko herria eta «Guardia Zibilak prepotentzia, boterea eta gorrotoa medio, kartzelan bahituta» dituen Iñaki, Adur, Oihan, Julen, Aratz, Ainara, Jonan eta Jokin altsasuarrak gogoratu eta agurtuz hasi zuten ekitaldia. Era berean, zapatuan Oñatin Fan Hemendik Eguna ospatu zutela ere gogora ekarri zuten. Esan zutenez, herritar eta herri asko dira «alde hemendik» aldarrikatzen dutenak, baina hemendik aurrera, «gehiago» izateko asmoz lan egingo dutela nabarmendu zuten.
Urteak dira Euskal Herriak aldarrikapen bera egiten duena, eta zapatuan ere, hala egin zuten. «Ez ditugu ez Gernikan ez Euskal Herrian nahi, ez ditugu behar, eta aurrean izango gaituzte hemen jarraitzen duten bitartean. Guardia Zibilak Euskal Herriarentzako inola ere nahi ez dugun guztia adierazten du: jazarpena, tortura, injustizia, boterea, faxismoa, matxismoa, harropuzkeria, mehatxua, beldurra…».
Horren aurrean ezin direla isilik geratu esan zuten, eta azpimarratu zuten «ezinbestekoa» dela erantzuleak salatzea eta herritarrek elkar babestea. «Guk argi daukagu terroristak nortzuk diren; haiek dira terroristak! Haiek dira gaur egun beldurra arma bezela erabiltzen dutenak».
Baloreak
«Arrazoi politikoak dauzkagu, eta uste dugu politika gauza pertsonala ere badela, eta zuek zaretela era pertsonalean Guardia Zibilak izateko erabakia hartu duzuenok; alegia, sistema bidez- koan sinesten eta berau maitatzen dutenentzat errepresioa, mehatxua eta kartzela baino ez dakarten estatua eta sistema defendatzeko erabakia hartu duzuenak. Errespetuan eta berdintasunean oinarritzen den herri bat eraikitzeko ekarpen onik ez dute egiten ordezkatzen dituzuen baloreek».
Ekitaldia Periko Solabarriaren esaldi bategaz bukatu nahi izan zuten: «Ez badiguzue amesten uzten, ez dizuegu lorik egiten utziko».