Arnasa Eguna jai solidarioa egingo da etzi, Ondarroan
Fibrosi kistikoa bistaratu eta jendartea sentsibilizatu nahi dute jaiagaz. Askotariko ekintzez betetako egitaraua prestatu dute Arnasa ElkartekoekArnasa Gipuzkoako Fibrosi Kistikoaren Elkarteak antolatzen duen Arnasa Eguna etzi egingo da Ondarroan, lau...
Fibrosi kistikoa bistaratu eta jendartea sentsibilizatu nahi dute jaiagaz. Askotariko ekintzez betetako egitaraua prestatu dute Arnasa Elkartekoek
Arnasa Gipuzkoako Fibrosi Kistikoaren Elkarteak antolatzen duen Arnasa Eguna etzi egingo da Ondarroan, laugarren urtez jarraian. Fibrosi kistikoa bistaratu eta jendartearen sentsibilizazioa lortzeko helburuagaz jaiotako jaia, gainera, helburu solidarioagaz egingo da: batutako dirua fibrosi kistikoa daukaten umeen familiei laguntzeko izango da. Jaiari dagokionez, antolatzaileek egun osoko egitarau zabala prestatu dute. Umeentzako jolasak, tailerrak, tonbola solidarioa, sardina jana, entzierro mekanikoa, musika eta askoz gehiagogaz gozatzeko aukera dakarte Arnasakoek.Aurten, gainera, berritasun bat edo bestegaz dator jaia. Asisko Urmeneta marrazkilari ezaguna etorriko da jaira, eta karikaturak marrazten ariko da. Jaia, bestalde, Zubi Zahar azpian egingo den kontzertuagaz amaituko da. «Orain arte umeentzako ikuskizunagaz amaitu da jaia, eta, aurten, Sunsunkordan talde ondarrutarrak agurtuko du».
San Fermin ukitu eta guzti
11:30ean hasiko dira eguneko ekimenak. Trikitilari, pandero jotzaile eta Artelaneko erraldoiek lagunduta, kalejira egingo da Musika Eskolatik Alamedara, jai giroan sartzeko. Eta kalejira Alamedara ailegatzen denean, jaiari hasiera ofiziala emango diote, bolandera eta guzti.
Bazkalordura arte hainbat ekintza egingo dira Alamedan eta Itsasaurren. Alamedan, esate baterako, informazio gunea eta material salmenta ipiniko dute. Horrez gain, umeentzako jolasak egingo dituzte, eta, tartean, sokatira berezia ere bai. «Sokatiran egingo dugu bakterioen aurka. Bakterioz jantzita daudenei sokatiran irabaztea izango da jokoaren gakoa. Modu horretara, denen laguntzagaz helburuak lortu daitezkeela irudikatu nahi dugu, eta, era berean, fibrosi kistikoari keinu bat ere egin nahi izan diogu», azaldu du Noemi Uribe Arnasa Elkarteko kideak.
Eguerdian hasita, bestalde, elkartasun tonbola ere egingo da. Jaiaren parte garrantzitsuetako bat dela nabarmendu dute Arnasakoek. «Aurtengoa sekulako tonbola izango da. Bertan Zatozteko denda guztiek parte hartu dute, eta sekulako opariak ditugu banatzeko». Kukai dantza taldeak Arriagan eskainiko duen emanaldirako sarrerak, Bilboko jaietako eskupilota txapelketako finalerako sarrerak, Guggenheim museorako sarrerak, San Juan Koxtepeko bateleren kamiseta, Ane Santestebanen ekipazioa, opari txartelak… askotariko opari zuzenak banatuko dituzte.
Eta egitarauan agertzen ez baldin bada ere, ohi bezala, argazki erraldoia aterako dute. Ekintza 14:00ak inguruan izango da Alamedan. «Nahi duen guztia parte hartzera gonbidatzen dugu. Zatozteko dendariez gain, Cikautxok eta Ondarroako Udalak ere lagundu dute jaia antolatzen, eta horiek ere parte hartuko dute ekintzan».
Arratsaldean egingo diren ekimenen artean, berriz, umeentzako entzierro mekanikoa egongo da. Herritarrek sei zezen mekanikoren aurrean aringa-aringa egiteko aukera edukiko dute, Iparkaletik hasi eta Musika Plazarainoko tartean. «Entzierroa iaz ere egin genuen, estreinako, eta sekulako arrakasta eduki zuen. San Fermin eguna dela kontuan izanda, gainera, Arnasa Eguna leloa daraman zapi gorriak egin ditugu».