Zerutxuren karmenetako ikuskizuna musika eta antzerkiz lagunduta dator
Abarka eta Abarketatxoak antzerki taldeak eta Algara musika taldeak esketx bereziak prestatu dituzte dantzaldien arteko tarteetarako. Hamar dantza eskainiko ditu ZerutxukKarmen jaietan bi urtetik behin ohi duen modura, aparteko emanaldiagaz dator aurte...
Abarka eta Abarketatxoak antzerki taldeak eta Algara musika taldeak esketx bereziak prestatu dituzte dantzaldien arteko tarteetarako. Hamar dantza eskainiko ditu Zerutxuk
Karmen jaietan bi urtetik behin ohi duen modura, aparteko emanaldiagaz dator aurten Markina-Xemeingo Zerutxu dantza taldea. Txikietatik nagusiak arte aterako dira frontoiko agertokira domekan, 20:00etan. Hiru ataletan banatu dute ikuskizuna, eta tartean gonbidatu berezi bi izango dituzte: Abarka eta Abarketatxoak antzerki taldea eta Algara musika taldea.Guztira hamar dantza eskainiko ditu Zerutxuk, eta berriak edo aspalditik agertokira atera barik dituztenak gogora ekarri eta plazaratuko dituzte. Sardinerak, Bera Bidasoa, Erregineta edo Amaia dantzak prestatu dituzte, besteak beste, ikasturte honetan jaietako emanaldiari begira.
Mutilen taldekoek aurreratu dutenez, 25. urteurrenean egin zituzten dantzak berreskuratu dituzte domekako dantzaldirako. «25. urteurrenean Gipuzkoako dantzak eta Amaia dantzatu genituen mutilek lehenengoz, eta berriro jendaurrera ekartzea erabaki dugu». Garai hartako dantzari batzuek eta berriek egingo dute aurten dantza. «18 laguneko taldea eskatzen du ikuskizunak, mutiletan nahikoa zenbaki handia. Ez dira, gainera, ohiko dantzak, eta, beraz, konpromisoa hartu eta entseguetan murgilduta ibili gara». Gazteek hutsetik ikasi behar izan dituzte dantza berriak, eta nagusiagoek koreografia freskatu; hala ere, gogoz eta ilusioz kolpe diote erronkari, publikoari onena emateko.
Neska nagusiek Erregineta eta Bateleraz egingo dute, aspalditik frontoira eraman ez dituzten dantza bi, eta Erreginetari ukitu modernoa sartu diotela aitatu dute. Dantzari ertain eta nagusiek Sardinerak dantzatuko dute, eta ertain txikiek, Mistoa. Txikienek emango diote sarrera emanaldiari.
Ustekabea
Dantzaldiko atalen tarteetan ere zer edo zer berezia eskaini asmoz, Abarka eta Algara taldeen ateak jo zituen Zerutxuk. Erabaki horrek proiektu ezberdinen bat egite interesgarria eragin du. Abarka antzerki taldekoek, alde batetik, Uhagon kulturgunean eskainitako antzerki ikastaroko gazteengana jo dute, eta Abarketatxoak izenagaz bost gazte batu dituzte proiektura: Aimar Gabiola, Latika Alberdi, Maddi Oregi, Haizea Olabarria eta Manex Arakistain. Bestetik, Algara Musika Taldeko neskak ere Nora Agirre, Naia Egia, Maria Burgoa eta Ane Agirre, banatuta abestu barik, proiektura gehitu dira. Abestu, dantzan egin eta antzeztu ere egingo dute oraingoan.
Ikuskizuna ustekabekoa izatea nahi du taldeak, eta, beraz, zertzelada txiki batzuk besterik ez dituzte aurreratu nahi izan. «Hiru esketx egingo ditugu, eta bitan egongo dira Algarakoak». Caren Niemann alemaniarra ere sartu dute egitasmoan Luis Egurrola eta Eneko Arreta Abarkako kideek. Santiago bidea egiten ari zela Harria gorde Jose Pablo Arriagaren erakusketa ikusi zuen Niemannek Arretxinagan, eta itzuli eta Arriagagaz praktikak egiten ari da. «Caren egotea garrantzitsua dela begitantzen zaigu, beste ekarpen batzuk egin ahal dituela ikusten dugu eta».
Gaiari dagokionez, berriz, gaur eguneko istorio bat dela azaldu dute, «oso modan dagoena eta denek ikusi dutena noiz edo noiz telebistan».