Arrantza ogibide izan den herrietan, ondo ezagutzen dute itsasoaren alderik bortitzena. Historian saminez markatutako hainbat data daude. 1908ko uztailaren 12a da bat; egun hartako galernan, Ondarroako 28 arrantzale galdu ziren.
Santander aldean zeuden
Bermeo, Lekeitio eta Ondarroako arrantzaleak hegaluzetan. Haiekin batera, Castro Urdiales, Colindres eta Laredoko beste hainbat txalupa; hirurehunetik gora, guztira. Urteroko irteera zen. Izan ere, ondarrutarren artean, badago Asturias eta Santander aldera udaro arrantzaleek egiten duten bidea gogorarazten duen esaldi bat, sasoi batean arrantzarako eremu hura zein urruti geratzen zitzaien adierazten duena:
Santoña Ameriketa.
Galerna. Madrilgo ‘Mundo Grafico’ aldizkariaren fotomuntaketa.
Eguraldi onagaz irten ziren arrantzara. Portuetatik urrun, haizea aldatu egin zen, ipar sartalderantz, eta bazkal ostean zeruaren urdina belztu eta itsasoa zakartu egin zen. Egoerari aurre egin nahian zebiltzan txalupen artean, ondarrutarrenak.
Carmen txalupako zortzi arrantzaleak itsasora bota zituen olatuak, eta popatik zetorren
Santo Cristo traineruak atera zituen. Tragikoagoa izan zen
San Jeronimo arrantza ontziaren hondoratzea, han zihoazen zortzi arrantzaleak galdu egin ziren eta. Ondarroako beste txalupa batek,
Josefina-k, ez zuen kalterik jasan, baina hurretik ikusi zuten San Jeronimo hondoratzen, eta hango arrantzaleek itsaso oldartuaren kontra eroan zuten borroka larriaren lekuko izan ziren. Ondarroako matrikula zeukaten
Concepcion eta
Nuestra Señora de la Concepcion ontzia Suancesko portuan sartzen ahalegindu ziren, eta portuan zeudenek inpotentziaz hainbat marinel ikusi zituzten hondoratzen.
Nuestra señora de la Antigua-koek ere borroka latza eduki zuten olatuen aurka.
Garaiko kroniketan jaso zituzten aipatutako txalupen tragediak. Ez ziren hondoratutako txalupa bakarrak izan, ostera.
San Marcos-eko zazpi arrantzaleak hil ziren;
Jesus, Maria y Jose-ko hiru arrantzale eta
Santa Margarita-ko bi eta
San Ignacioko bat; Iñazio Badiola, 18 urteko gaztea; lagunek olatu artetik ateratzen lagundu arren, itsasoak betiko irentsi zuena.
Galernak izugarrizko kezka eragin zuen euskal kostaldeko herrietan. Ondarroako Arrantzale Kofradiako Maiordomoak Santanderko Itsas Komandantziara igorritako telegrama da horren adierazgarri: “
Cofradia Mareantes, viendo angustia vecindario, ruega a V.S. telegrafíe si arribaron a puertos de esa comandancia lanchas boniteras San Teodoro, Santa Cruz, Margarita, Santa Eufemia, Santa Maria número 2, Arizmendi, Marcuerquiaga, Ondárroa número 1, Urchoria, Ave Maria, Rodas, Genoveva, San Juan, San Cándido, Resurrección, San Marcos, Rosario, Trinidad, pues faltan noticias de todas ellas.
Maiordomo”. Galerna gertatu eta hiru egunera, oraindik hainbat etxetan etxekoen albiste ziurrik gabe zeuden. Azken albisteak iritsi zirenean, ekaitzaren ondorioak jakin ziren: guztira, 40 arrantzale hil ziren galerna hartan; tartean, 17tik 60 urtera arteko 28 ondarrutar; eta bederatzi txalupa hondoratu; haietako lau, Ondarroakoak.
Jasotako laguntzak zerrendatuta daude. Udalak emandako 1.000 pezetatik hasi eta herritar xumeenen bi errealeko ekarpenagaz amaituta
Elkartasuna. Uztailaren 16an, Ondarroako parrokian, hildakoen aldeko hileta meza eman zuten, ospe handiz. Andramarietan, gaueko zinema erakustaldiak eta suak bertan behera laga zituzten, eta horretarako gordeta zeuden 1.000 pezetak itsasoan senidea galdu zuten familien artean banatzea erabaki zuten.
Udalak
Sorospen Batzordea martxan jarri zuen, herritarrek eta kanpotarrek emandako laguntzak lortzeko. Jasotako laguntzak zerrendatuta daude. Udalak emandako 1.000 pezetatik hasi eta herritar xumeenen bi errealeko ekarpenagaz amaituta. Kanpotik ere berehala heldu zen elkartasuna, telegrama eta gutunen bitartez, diru laguntza batzeko kultur ekitaldiak eskainiaz.
Ondarroan bertan oihartzuna eduki zuen pilotarien ekimenez jokatu zen pilota partidak. Neurketaren hitzordua abuztuaren 12an jarri zuten, Ondarroako arrantzaleek ospatzen zuten jai egun berezian, era berean frontoi berria inauguratzeko balio izan zuena. Bide batez, esan, Urzelai eta Azkoitiko Txikito nagusitu zitzaizkiela Errezabal eta Baltasar pilotariei (22-19), eta 930,15 euro lortu zirela.
Ondarroan egindako diru bilketak
12.219,35 pezetako emaitza eman zuen. Beste alde batetik, antzeko diru bilketak egin ziren Ondarroatik kanpo ere, besteak beste, Bizkaiko Foru Aldundiaren bidez, 1908ko uztailaren 12ko galernak kaltetutako Ondarroako, Lekeitioko eta Bermeoko txalupetan galdutakoen senideentzat.
ITSASOKO EZBEHARRAK: 1625-1955
- 1625. Txomin Asterrika bere ontzian beste hiru lagunekin Galiziatik zetorrela, Ondarroako kaian ezin sartu eta Mutrikura zihoala, herri guztiaren aurrean ito zen.
- 1741. Abuztuaren 25ean udaberrian Terranobara joandako txalupa baten bost ondarrutar ito zirela jakin zen.
- 1838. Martxoaren 20an, plai muturrean, batel batean ito ziren Txomin eta haren seme Juan Zelaia eta Jose Zubikarai.
- 1878. Apirilaren 20an, 300 arrantzale baino gehiago ito ziren Kantauri itsasoan.
- 1899. Uztailaren 3an, Ramon de la Sota enpresariaren Goizeko Izarra laketontziak Josefina ondarrutar txalupa bilatu zuen tirabira eginda, Santoña gainean. Bi lagun ito ziren, eta lau salbatu. Josefina-k 04:00etan tirabira egin zuen, eta Sotaren ontziak 08:00ak inguruan hartu zuen.
- 1902. Itziar txalupak tirabira egin zuen barran Gabonzar aurreko iluntzean. Hemeretzi gizon olatu artean borrokan, noiz itoko. Bederatzi gizon ozta-ozta atera ziren, eta beste hamar ito egin ziren.
- 1909. Maiatzaren 24ko galernan, hiru ondarrutar hil ziren.
- 1912. Abuztuaren 12an, Matxitxakoko lurmuturretik 45 milatara arrantzan zeuden 143 arrantzale hil ziren, euretatik 116 bermeotarrak, eta besteak inguruko herrietakoak: Elantxobeko bat, Lekeitioko bi eta Ondarroako hiru lagun. Izan ere, Ondarroan, txalupa bakarra galdu zen, hiru lagunekin. Santa Klara eguna zenez, Ondarroako arrantzaleak lehorrean zeuden egun hartan, eguna ospatzen.
- 1922. Uztailaren 6an, San Pedro izeneko txalupa galdu zen, hegaluzetan zebilela ekaitz handi batek harrapatuta. Bertan zebiltzan arrantzale gutiak hil ziren; bederatzi lagun.
- 1929. Domu Santu egunean itsasontzi bati labea lehertu zitzaion, eta hondora joan zen. Lagun bi hil ziren.
- 1944. Artibai lurrunontziak Ama Antiguakoa motor txikia eroan zuen atoian, etxeko bandan. Ez zen konturatu lokarria eten eta motor txikia hondoratu zela. Ama Antiguakoa ontziko lau gizonak galdu ziren.
- 1951. Martxoaren 13an jakin zen Aldebaran eta Alcor arrastero bikotea etxeruntz zetorrela olatu handi batek ia galduan laga zuela lehenengoa. Zazpi lagun hil ziren itota, eta haietatik lau, Ondarroara ekarri zituzten.
- 1955. Urtarrilaren 16an, Maitane Arriola arrasteroa galdu zen. 12 gizonetik 11 galdu ziren; haietatik sei, ondarrutarrak.