Hedabideen egiak eta gezurrak, lehen eta orain
Egia asko daude; egia ez da bakarra izaten. Trumpen kontrako azken kanpaina jarri du adibide moduan Rekondok. Mexiko eta AEBetako mugan, ume batzuk kaiola barruetan ageri diren irudia azkar hedatu da. Argazki horiek, baina, ez dira oraingoak, Obamaren garaikoak baizik. “Gaur egun sare sozialen bitartez zabaltzen diren irudi eta informazioetan ez da data ezta iturria ere aipatzen”. Mendebaldean AEBetako presidentearen kontra sortutako irudia ere aipatu du: “Ez naiz Trump zalea, baina, zer egin du Obamak? Yes we can, zer? Nola dago Guantanamo? Eta non dago osasun sarean agindu zuen erreforma?”. Iturriak Fake news delakoak ez direla berriak gogora ekarri du, eta Euskal Herrian eta Gernikan bertan adibide asko egon direla esan du. “Lehengo bitartekoekin ere gezurrak, propaganda eta mezu edo teoria interesatuak zabaltzen ziren. Gatazketan, gainera, askoz ere zailagoa da ikuspegi neutroa edukitzea”. Alegia, dena ez da zuria edo beltza izaten; tartean hainbat tonu daude. Rekondok gatazka asko bizi izan ditu bertatik bertara, eta batzuek edozein gairi buruz hain erraz idaztea deigarria iruditzen zaio; “analisto” terminoa erabili du. “Esaterako, Ekialde Hurbilari buruz idazteko orduan, iturriak topatzea oso gaitza da. Jatorrizko informazioa eskuratzea ia ezinezkoa da, ez dudalako arabiarra ulertzen. Itzulpenak behar ditugu. Ingelesez eta frantsesez badaude iturri asko. Baina hor badago aldaketa edo moldaketa bat jatorrizko iturrietatik”. Iturriekin zein itzulpenekin kontu handiz ibili behar dela zehaztu du. Internet bidez harremanak egitea erraza da, baina dena ez da beti dirudiena. “Agian, nahita edo nahi gabe, berehalakotasun horretan eta erabilitako hitzen bidez analisi oso bideratua sartzen digute. Ez da benetako analisia”. Errealitatea, iturriak eta hedabideak. Ezinezkoa da di-da batean gatazka bera eta bere inguruan dagoen dena azaltzea. “Onak eta txarrak, lagunak eta etsaiak. Lagunen lagunak; lagunen etsaiak. Abiadura horretan errealitatea distortsionatu edo desitxuratu egiten da. Egia ala gezurra? Goazen beste tonalitate batzuk aurkitzera, beste konotazio batzuk”. Nazioartean zein Euskal Herrian jendarteak oso konplexuak direla gogoratu du Rekondok, eta, hortaz, kontzeptuak egoki aukeratzearen garrantziaz mintzo da: “Afrika, Bosnia eta halako herrialdeez hitz egitean, askotan aipatzen da pobreak direla, eta ez. Txirotuta daude; berez aberatsak dira. Mendebaldeak eta potentzia kolonialek egindako lanagatik txirotasunean daude”. Oihartzun mediatikoa Lekuaren arabera albisteek hartzen duten tokia eta oihartzuna aipatu ditu: “Iraken atentatu batean ehunka hildako egon arren, egunkarian hiru lerro argitaratzen dira. Polizia bat Parisen labankadaz hiltzen badute, azalean agertu, eta xehetasunez betetako orrialdeak betetzen dituzte, agintarien gaitzespenekin”. Yemenen egon zenean, alde zaharrean zeuden etxe umiletan ikusitako parabolikekin “harrituta” geratu zela dio: “Jasotzen dituzten irudiak faltsuak dira. Izango ez duten Mendebaldeko bizimodua ikusten dute”. Balkanetako gerra, Irak, Afganistan, Libia, Siria, Libano… Gerra kazetariaren irudi bera garatu da. Rekondok esan duenez, leku askotan egon da, baina inoiz ez da kazetari ofizial moduan ibili: “Mugak jartzen dizkizu horrek, baina gauza askotarako mesedegarria ere bada. Kazetari izateagatik jomugan edo kontrolpean zaude”. 1999an Iraken bonbardaketak izan zirenean heldu ziren lehenengotarikoa izan zen: “Antena3 eta antzeko hedabideetako kazetariekin egon ginen. Izar mediatiko moduan joan ziren. Ez zituzten itzulpenak entzuten; ezta jendearen argudioak ere. Irudi hunkigarrien bila joaten ziren. Euren informazioa ez zen librea. Noren menpe zauden jakitea garrantzitsua da”. Botere politikoaz gain, botere ekonomikoa aipatu du analistak. Publizitatearen indarra eta hark zelan baldintzatzen duen informazioa. Hainbat komunikabideren “bidelagun ekonomiko” diren Banco Santander, Audi eta Coca Cola jarri ditu adibidetzat: “Espainiako egunkari nagusi ia gehienek lantzean behin azal bera argitaratzen dute; orrialde osoko publizitateagaz. Azal hori propaganda da”. Kazetaritza birtuala, egunkarien itxierak, kazetarien atxiloketak, jazarpen mediatiko, polizial eta soziala, papereko edizioen krisialdia, edizio asko ixtea… Argi-ilunak kazetaritzarentzat. Sare sozialak adierazpen askatasunarentzat esparru gisa aurkeztu arren, interes batzuen kontrolpean daudela dio. “Informazio pribatu eta datu asko desbideratzen dituzte”. 1978ko sistema, egun, hankaz gora dagoela dio: Monarkia gaizki ikusita, alderdi politiko nagusiak beherakadan… Gazteek komunikabide klasikoengan sinisten ez dutela ipini du kasutzat: “Zutabe nagusiak hankaz gora daude; krisia sakona da”. Horrela jaio zen 15M mugimendua. “Kaleak pil-pilean egon ziren, eta bi alternatiba populista agertu ziren”. Bere ustez, Podemos eta Ciudadanos ez ziren establismentaren kontra egiteko sortu, indartzeko baizik. “Non dago 15M? Nola daude kaleak? Eta nola dago sistema? Errege berria, eta komunikabide eta alderdi politiko biak lehen lerroan”. Ezkerraren porrot ideologiko eta mediatikoaz ere mintzo da. Eraikuntza nazionalean edota gatazketan, errelatoaren sorkuntzan komunikabideak giltzarriak direla nabarmendu du. “Euskal irrati telebista publikoa daukagu, baina ez ditugu dauzkagun tresnak erabiltzen. Mingarria da ikustea ze gutxi inbertitzen den benetako errelatoetan. Errelatoen lehia izugarria dago”. Errelatoei buruz, pedagogia egiteko tresnak behar direla eta badaudela dio: sare sozialak, komunikabide berriak… “Baina ez da nahikoa, arerioak botere handia du eta. Sare sozialak eta komunikabideak kontrolatzen dituzte; gizartea bideratzen dute”. Komunikabide publikoek ez badituzte errelatoak egiten, herrikoiek egin behar dutela uste du. Europako gatazkak aipatzean, ezin da ahaztu faxismoa. Oroimen historikoa eta erreparazioa. “Alemaniarrek urratsak eman dituzte, estatu espainiarrak bat ere ez. Oraindik hobi komunak daude, Kanboian baino gehiago”. Belaunaldien arteko deslotura dagoelako, transmisioa bermatzea garrantzitsua dela dio. Eta hedabideek badute zer egin. “Gizarte oso politizatu batetik desidiologizazio batera goazela ikusten dut. Arriskutsua da”. Informazioak prezioa duela eta, bide herrikoien aldeko apustua egin behar dela azpimarratu du: “Nahiz eta tresnak sinpleak iruditu, irrati libreek eta tokiko komunikabideek arrakasta daukate, gertutasuna daukatelako»”. 77an Egin herri ekimenez sortu zen, eta “errepresioaren” enbata etorri zenean ere herri ekimenez altxatu ziren Gara eta Berria. “Erronka asko ditugu. Herri bezala bizirik gaude. Zer dagoen ikusita, bidean oztopoak, istorioak topatuko ditugu… Baina urratsez urrats, tantaz tanta, goazen itsasoa egitera”.Txente Rekondo: “Gaur egun, analisirako tarte bat botatzen dut faltan komunikabideetan. Sare sozialen edukietan ia ez dira aipatzen data eta iturria”